es / eu

Emakumeak gobernuaren eta FARC-EPren arteko Bake Akordioaren negoziazioetan

Kolonbia

Herrialde osoko 1.500 erakunde baino gehiagok parte hartzen duten zortzi erakunde, sare eta plataformek osatutako Cumbre Nacional de Mujeres y Paz (http://cumbrenacionaldemujeresypaz.com/#) izenekoaren bidez, 2016ko azaroan, Gatazka Amaitzeko eta Bake Egonkor eta Iraunkorra eraikitzeko Bukaerako Akordioarekin amaitu zen Kolonbiako gobernuaren eta FARC-EPren arteko negoziazio-prozesuan eragitea lortu zuen emakume kolonbiarren mugimenduak.

Negoziazio-prozesua emakumerik gabe hasi zen arren, haien borrokari esker, Akordioan genero-ikuspegia txertatuta amaitu zen. Honako hauek dira lorpenetako batzuk, labur azalduta: a) Gobernuaren aldetik emakume negoziatzaileak izendatzeko eragina; b) Dagoeneko adostuta zeuden Akordioko puntuak berrikusteko eta falta zirenei ekarpenak egiteko, 2014ko irailean, Genero Azpibatzordea sortzeko negoziazio-mahaiak hartutako erabakia; c) Genero-ikuspegia txertatzea, biktimei buruzko akordioan emakumeen kontrako indarkeriak azpimarratuz, bai Egia Argitzeko, Bizikidetzarako eta Ez-Errepikatzeko Batzordearen lanari dagokionez, bai Bakerako Auzitegi Nagusiari bai erreparazio integraleko neurriei dagokienez; d) Emakumeak bake eraikitzaile gisa duten egitekoaren eta lurraldeetan haien antolamendu-ehunak duen garrantziaren soslaiak nabarmentzea; e) LGTBI pertsonen eskubideak txertatzea (http://publicaciones.hegoa.ehu.es/es/publications/362).

Pactantes, no pactadas (Itungileak, ez itunduak) izan zen Kolonbiarako hain garrantzitsua den prozesu historikoan emakumeek eskatu zuten parte-hartze mota irudikatzen duen leloetako bat. Itundutakoa betetzeko muga asko eta erronka askorekin jarraitzen duten arren, emakumeen mugimenduak lortu duenak ez du aurrekaririk izaera horretako negoziazio-prozesuetan. Kolonbiako Bakearen aldeko Goi Komisarioaren Bulegoaren arabera, emakumeen 301 erakunde eta sare izan ziren 7.172 proposamenekin, Habanan urte luzez kokatuta egon zen negoziazio-mahaian eragin zutenak. Kolonbia osotik jaso zituzten proposamenak hainbat mekanismoren bidez: foro nazional eta eskualdekoak, espazio birtualak eta Cumbre Nacional de Mujeres y Paz-eko topaketak. Horietan guztietan, mota askotako emakumeen erakundeek parte hartu zuten: mistoak, etnikoak, nekazariak, indigenak, afrikarren ondorengoak, ikasleak eta gazteak. Negoziazio-mahaietan emakumeen erakundeetako 16 aitzindarik eta sexu-indarkerian adituak diren 10 emakume kolonbiarrek hitz egin zuten. Horrez gain, gatazka armatuaren biktima izandako 36 emakume ere joan ziren Habanara (http://www.altocomisionadoparalapaz.gov.co/herramientas/Documents/Cartilla-mujeres-paz-12-sept-2016.pdf).

Kolonbiako emakumeen mugimenduak haien errebindikazioen parte bat Bake Akordioetan kontuan har daitezen lortutako eragina gertaera historikoa da, eta bake-itunetan genero-edukien inguruan mugarria jarri du, ez Kolonbian, mundu osoan baizik.