es / eu

Emakumeak memorian.

Errepresio politikoaren biktima izan ziren emakumeen omenezko monumentua

Txile

Txilen, Pinocheten diktaduratik bizirik irten ziren eta erakunde desberdinetan parte hartzen duten zenbait emakumek Lege Proiektu bat landu zuten 1992an diktadura militarraren biktima izan ziren emakume guztiak duintzeko oroigarri bat eraikitzeko. Horietako batek, Sandra Palestrok momentu horretako espiritua azaldu du: Guk bagenekien bidean etenaldi bat egin behar genuela demokrazia berregiten hasteko eta berregite horretan diktaduraren zapalkuntzaren eraginez hildako emakume guztiei omenaldi bat egin nahi genien. Era berean, bagenekien urtez isildutako adierazpena, debekatutako parte-hartzea eta gure herritartasunetik sortzeko eta eraikitzeko askatasuna espazio publikoan erabiltzea lortu genuela”(https://www.elankidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_memorias/es_pubmem/adjuntos/Ponencias%202012.pdf).

Lege Proiektua Parlamentuan aurkeztu zuten baina ez zen inora iritsi. Hamaika urtez, estatuak monumentu hori eraikitzeko ardura har zezan saiatu ziren baina, 2003an, Emakumeak Memorian Batzordea sortu zen eta horrek emakume errepresaliatuen oroitzapena hiriburuko eguneroko paisaia publikoan agertzeko eta diktaduraren memoria kolektiboaren parte izateko aukerak bilatzen jarraitu zuen.

Etsi gabe borrokatu ondoren, 2006ko abenduaren 12an, instalazio iraunkor bat inauguratu zuten Santiagon, nahiz eta ez izan Batzordeak hasieran proposatu zuten tokian. Instalazio horren bidez, exekutatutako 118 emakumeak, desagertutako 72 emakumeak, emakume erbesteratuak, jazarriak, presoak eta torturatuak eta, aldez edo moldez, diktaduraren kontra borrokatu ziren emakume guztiak omentzen zituzten. Espazio horri Mujeres en la memoria. Monumento a las mujeres víctimas de la represión política (Emakumeak memorian. Errepresio politikoaren biktima izan diren emakumeen omenezko monumentua) izena eman zioten.

Gaur egun, oroigarria oso hondatuta dago; haren kontra hainbat eraso egin izan dituzte eta gainera, erabat utzita dago Estatuak ez duelako ezer egin hura babestu eta mantentzeko. Horrek, han ordezkaturik zeuden emakume haiek guztiak berbiktimizatzea dakar. Sandra Palestrok, hala azaldu du egoera: “Bada kulturarekin eta hezkuntzarekin loturiko alderdi bat, memoriaren balioarekin zerikusia duena eta, horretan, gizonezko heroien memoria ondo babestuta dago historiako testuetan eta hezkuntza arautuan; ez ordea, emakumeen historiaren eraikuntza, hori berriagoa baita, eta ez baitu balio bera eraikuntza kultural eta ibilbide historiko gisa. Guk orain hori guztia dakigunez, ‘historiarik ez’ean ezagutzen gara, historia ikusezinean, eta ikus dezakegu monumentuaren ezaugarri horiek, azken finean, gauza beraren adierazgarri baino ez direla. Emakumeak historian aintzat hartzeko, ezinbestekoa da gu geu gure burua ikusarazteaz arduratzea, beste inork ez baitu gure ordez egingo”. (http://www.nomasviolenciacontramujeres.cl/monumento-a-las-mujeres-victimas-de-la-represion-politica-una-obra-para-recordar-la-dignidad-y-la-entrega-de-las-mujeres-que-lucharon-en-dictadura-que-hoy-brilla-por-su-olvido-y-descuido/).