es / eu

es / eu

Frankismo garaiko genero-krimenengatiko lehenengo kereila

Espainiako Estatua

Women’s Link Worlwide (WWL) erakundeak frankismoko genero-krimenengatiko lehenengo kereila aurkeztu zuen 2016an. Estatu kolpe frankistak eragindako Gerra Zibilak (1936-1939) iraun zuen bitartean eta haren osteko diktaduran (1939-1975) indarkeriaren biktima izan ziren sei emakumeren kasu dokumentatuak jasotzen dira kereilan. Haietako lau desagertuta daude oraindik, bat erail zuten eta haietako bakarra dago bizirik. Kereila hori María Servini de Cubría epaile argentinarrak, jurisprudentzia unibertsalaren abiaburuan oinarrituta, 2010. urteaz geroztik daraman frankismoaren kontrako auziari gehitzen zaio eta zabaldu egiten du (https://www.youtube.com/watch?v=uDXA7ANfruA&list=UUoX-xWNb-WSJ7zgLt7JYp1Q&index=32).

Aurkeztutako sei kasuetako biktimei eta haien senitartekoei justizia egin eta kasuak ikertzea eskatzeaz gain, kereila horrek argira ekartzen du ehunka mila emakumek frankismo garaian pairatu zuten indarkeria. Genero-krimen ohikoenak sexu-indarkeria, tortura, haurtxoak lapurtzea, ilea larru-arras moztea eta errizino-olioz egindako garbiketak izan ziren. Sei kasu horiek agerian uzten dute Espainiako estatuak erregimen frankistaren biktima izan ziren emakumeekin duen zor historikoa (https://womenslinkworldwide.org/files/1113/carpeta-de-prensa-crimenes-de-genero-durante-dictadura-franquista.pdf).

Margalida Jaume Vandrel

“1936ko abuztuan, ustez inolako arrazoirik gabe, Antoni, Margalidaren senarra, Manacorreko komisaldegira eraman eta atxilo eduki zuten. Astebetean haren berri jakin gabe eman ondoren, frankista talde bat agertu zen haren etxean eta Margalidari azaldu zioten -artean 7 hilabeteko haurdun zela- senarra aske utziko zutela, baina bera bertaratu behar zela, aitorpena hartu behar ziotela eta. Ordu batzuk geroago senarra aske utzi zuten, Margalida ez ordea, eta geroago Antoni berriro atxilotu zuten. Margalida eta senarra atxilotuta eduki zituzten, mota guztietako torturak eta umiliazioak jasan zituzten eta, azkenean, exekutatu egin zituzten. Urte batzuk geroago, herriko batek kontatu zuen berak ikusi egin zuela falangistetako batek, gutxienez, Margalida bortxatu egin zuela. ‘Inoiz ez nuen haurdun bat gozatu’ nola esaten zuen ere entzun zuen. Margalida desagertuta dago oraindik”.

Daria y Mercedes Baxadé Adroher

“Daria eta Mercedes ahizpak ziren, eta Bartzelonan bizi ziren. 1936ko abuztuan, espedizio errepublikano bati lotu zitzaizkion Mallorcarantz, osasun-langile jarduteko. Beste hiru erizain zihoazen haiekin. Aste batzuk geroago, irlan isolatuta geratu ziren pertsona guztien jazarpena eta eliminazioa hasi zen. Bost erizainak tropa frankistek atxilotu zituzten irailaren 4ko goizean, eta Sa Bassako kuartel nagusira eraman zituzten. Egun horretan bertan galdekatu egin zituzten emakumeak. Agintarien aginduz emakume guztiak miatu zituzten birjinak ote ziren egiaztatzeko. Moja talde batek miaketa ginekologikoa egin zien, birjinak ote ziren egiaztatzeko. Ondoren, falangista talde batek ankerki eta behin eta berriz bortxatu zituen. Uste da biharamunean Son Coleteseko hilerrira eraman zituztela, eta han erail zituztela. Uste da haien gorpuzkinak hilerri horretako hobi komun batean daudela. Gaur egun oraindik ezin izan da hobia ireki eta gorpuak atera”.

Pilar Sánchez Lladrés

“Pilar eta senarra alderdi sozialistako militanteak ziren, eta La Soledat langile-auzoan bizi ziren. Lau seme-alaba zituzten. 1936ko uztailean, Pilarren lagunek ezkutatzea gomendatu zioten, eta hark hala egin zuen. Egun batzuk geroago tropa falangistak sartu ziren haren etxean eta senarra eta lau seme-alabak atxilotu zituzten. Galdekatu ondoren, lau seme-alabak aske utzi zituzten, baina Pilarren senarra kartzelaratu egin zuten. Bere familiarekin zer gertatzen ari zen ez zekienez, Pilarrek ezkutalekua uztea erabaki zuen. Handik gutxira salatu egin zuten, eta falangeko kideek atxilo hartu zuten. Auto batean eraman zuten lau falangistarekin batera, Son Ganyadako onibarretik gertu. Autoa geratu zenean, ehizean zebilen gizon bat ezkutatu egin zen badaezpada, mesfidati, eta ikusi egin zuen nola lau gizonek emakumea indarrez autotik jaitsarazi zuten, eta nola kolpatu eta bortxatu zuten. Ondoren Sencelleseko hilerrira eraman zuten. Han, Pilarren auzokide batek ikusi zuen lau gizon haiek -auzokideak haiek ere- berriro bortxatu zutela Pilar, eta ondoren, lurrera bota eta tiro egin ziotela. Hilerriaren atariraino arrastaka eraman zuten, eta gorpua bertan utzi zuten. Pilar 1936ko irailaren 18an erail zuten, eta Sencelleseko hilerriko hobi komun batean lurperatu zuten”.

Matilde Landa Vaz

“Matilde Landa alderdi komunistako militante nabarmena zen. Bigarren Errepublika aldarrikatu zenetik, Matilde erabat inplikatu zen bizitza politikoan. 1939ko apirilean tropa frankistek atxilotu eta gerra-kontseiluan epaitu zuten. Puerta del Soleko ziegatan sei hilabete eman ondoren, Ventaseko kartzelan sartu zuten, eta berehala erreferente bihurtu zen preso zeuden gainerako emakumeentzat. 1940ko abuztuan Palmako Can Saleseko emakumeen kartzelara eraman zuten; kartzela hura “Las Hermanitas” izenez ezagutzen zen Behartsuen Haurridetxoak izeneko erlijio-kongregazioaren agindupean zegoelako. Han ere garrantzi handiko figura bihurtu zen Matilde, eta gainerako presoentzat oso laguntza handia. Hori zela eta, kartzelako agintariek doktrinatzea eta katolizismora bihurtzea erabaki zuten, bi helbururekin: alde batetik, erregimenaren propaganda-maniobra gisa eta, bestetik, gainerako emakume presoen morala suntsitzeko efektu-kolpe gisa. 1941ean gainerako emakume presoengandik bakartu zuten, eta xantaia egiten zioten esanez bataiatzen bazen gainerako presoen baldintzak hobetu egingo zirela. Azkenean, onartu egin zuen bataioa hartzea 1942ko irailaren 26an. Bataioa egin aurretik, erizaindegira joateko baimena eskatu zuen; erizaindegia kartzelako pisurik altuenean zegoen, eta bertatik salto egin zuen patiora. 45 minutu eman zituen hilzorian, eta lurrean konorterik gabe zegoela, bataiatu egin zuten. Matilderen gorpua Palmako udal-hilerrian ehortzi zuten”.

Lidia Falcón O´Neill

“1960 eta 1974 urteen artean zazpi aldiz atxilotu zuten iritzi eta zilegi ez den elkarteko kide izatearen delituengatik; beste hainbat bider ere auzipetu zuten iritzi-artikuluak argitaratzeagatik. Atxiloketa horien ostean, hainbat bider kartzelaratu zuten Madrilgo Yeserias eta Bartzelonako Trinidad kartzelatan. Atxiloketa horietako bitan izan ezik, gainerakoetan torturak jasan zituen. Tortura horiek emakume gazte izanagatik eragin zizkioten bereziki: urdail eta gibelean kolpeak ematen zizkioten ‘orain jada ez zara inoiz erdituko urdanga zikina’ oihukatzen zioten bitartean. Ugaltze-aparatua kaltetzea zuten xede, horrela, haurdun gera zedin eragozteko”.