es / eu

Memoriaren aldeko Jaialdiak

Guatemala

Guatemalako Memoriaren aldeko Jaialdiak Actoras de Cambio (Aldaketaren eragileak) (http://www.actorasdecambio.org.gt/) izeneko taldeak sortutako proposamen politiko eta metodologikoaren barruan daude, urte askoan eta gerra garaian bortxatu izan zituzten emakumeekin egindako lanean oinarrituta dagoena. Amandine Fulchironek azaltzen duen bezala: “ Jaialdi horien erdigunean bizirik irten direnen ahotsa, gorputza eta bizitza, bai eta jendartean haientzako leku duina, askea eta bidezkoa daude. Proposamenak memoria berreskuratzea eta emakumeen oneratzea justiziarako bide bihur daitezen du helburu; ezein agintari edo lege patriarkalen mende egongo ez den justizia, eta horrek lortzen duen asebetetzea neurtzeko gure bizitza bera, gure duintasuna, gure askatasuna eta ongizatea erabiltzen dituena” (http://publicaciones.hegoa.ehu.es/publications/362).

Memoriaren aldeko I. Jaialdi Nazionala “Sobreviví. Estoy aquí. Estoy viva” (Bizirik irten nintzen. Hemen nago. Bizirik nago) leloarekin antolatu zuten Huehuetenangon, 2008ko azaroan. Hori Guatemalako historiako lehenengo eremu publikoa izan zen non bizirik  irtendako emakumeek gerra garaian bizi izan zituzten sexu krimenen inguruko isiltasuna hautsi zuten.

2011ko otsailean, Memoriaren aldeko II. Jaialdi Nazionala egin zuten Chimaltenangon “Yo soy voz de la memoria y cuerpo de la libertad” (Ni naiz memoriaren ahotsa eta askatasunaren gorputza) leloarekin; ordurako, bizirik irtendako emakumeek gainditua zuten euren erkidegoetan hitz egiteko lotsa eta beldurra, eta indartsu sentitzen ziren, “handi” eta euren buruaz harro.

Memoriaren aldeko III. Jaialdia Nebjalen egin zen, 2015eko azaroan, eta “Mujeres sanando la vida” (Emakumeak bizitza osatzen) izena eman zioten; jaialdiak bizirik iraun zutenei, isiltasuna hausteagatik eta jendarteari indar, maitasun eta emakumeentzako askatasun erreferente bat eskaintzeagatik esker ona eta aintzatespena erakusteko helburua izan zuen.

Memoriaren aldeko IV. Jaialdia, Emakumeen Ahotsa eta Askatasuna: “¡Abramos el corazón para despertar la conciencia!” (Zabal dezagun bihotza kontzientzia pizteko) izenekoa, Guatemala hirian egin zen 2018ko azaroan, eta bertan, emakume arbasoen bizitza goraipatu zuten eta sendatzeko tresnei eta bizirik iraun zutenek aukeratutako autonomiaren bideari buruzko gogoeta egin zuten (http://www.actorasdecambio.org.gt/index.php/festivales).