es / eu

Greenham Common. Emakumeen Bake Kanpamentuak

1981ko irailaren 5ean, Women for Life on Earth (Lurreko Bizitzaren aldeko Emakumeak) taldea oinez heldu zen Ingalaterrako hegoaldean dagoen Berkshire konderriko Greenham Commonera, Galesetik irten eta 120 milia ibili ostean. NATOren erabakiz AEBk kontrolatutako Royal Air Force Greenham Common base militarrean gordetako arma nuklearren aurka protestatzeko ekintza bat izan zen hori. Ibilaldia bertan amaitu zen, batez ere hasierako formatuan ez baitzuen arrakasta handirik izan.  Mugimenduak Greenham Common Emakumeen Bake Kanpamentua izena eman zion bere buruari eta basea inguratzen zuen metalezko hesiaren inguruan kokatu zen. 36 emakume hesi horretara kateatu ziren, bertatik gurutzaldi-misilak atera zitzaten lortu arte. Hala, emakume talde baten protesta bezala hasitakoa 1980ko hamarkadako mobilizazio bakezale antinuklear handienetako bat bilakatu zen (https://discovery.nationalarchives.gov.uk/details/r/d625b55a-e807-4729-9d8c-087c918dbaff#-1).

1982ko abenduan, kanpamentua ezagunago bihurtu zen: Embrace the Base edo Basea besarkatu izeneko protestan, 30.000 mila emakumek, eskutik helduta, basea inguratu zuten. 1983ko apirilean, 70.000 pertsona inguruk 23 km-ko giza-katea sortu zuten. Ekintza hori izan zen, hain zuzen ere, prentsaren arreta handia lortu zuena. Urte bereko abenduan, 50.000 emakumek basea inguratzen zuen hesia hainbat puntutan moztu zuten. Horren ondorioz, ehunka emakume atxilotu zituzten. 1984ko apirilean, berriz, bertatik kanporatu zituzten, baina egun horretan berean, aktibistak kanpamentua berregiten hasi ziren. Mugimendu antinuklear horren oihartzuna hainbesteraino zabaldu zen, non Ingalaterrako beste leku batzuetan, Europan eta Amerikan ere antzeko kanpamentuak sortu baitziren.

1987an AEBk eta Sobietar Batasunak Erdi-Mailako Indar Nuklearrei buruzko Hitzarmena sinatu zuten. Horrek, bada, RAF Greenham Commonetik gurutzaldi-misilak ateratzeko erabakia ekarri zuen. Hala, 1989 eta 1991 artean, misilak atera zituzten bertatik eta, 1992an, AEBk Ingalaterrari eman zion basearen kontrola. Hala ere, Greenham Common bake-kanpamentua bertan jarraitu zuen 2000. urtera arte. 2002an, kanpamentua izandako lekuan, oroitzapenezko eremu bat inauguratu zen. Horretan kokatutako zazpi eskulturak emakumeen indarkeriarik gabeko protesta baketsu hori gogoratzen digute (http://www.greenhamwpc.org.uk/historic.htm).

Bere garaian, kanpamentuak bederatzi azpi-kanpamentu zituen: Yellow Gate, hasiera batean Women for Life on Earth taldeak jarritakoa; Green Gate, 1983an jarria, zuloetatik gertuen zegoen kanpamentua zen eta emakumeek soilik erabiltzen zuten, izan ere, gainontzeko azpi-kanpamentuek gizonak onartzen zituzten egunez; Turquoise Gate; Blue Gate, Pedestrian Gate; Indigo Gate; Violet Gate; Red Gate; eta Orange Gate. Emakume gehienak kanpamentuan bizi ziren, denbora osoa edo egonaldi luzeetan. Hasiera-hasieratik, ekimenak tokiko eta nazioarteko talde feministen eta antinuklearren babesa izan zuen eta mundu osoko ehunka emakumek parte hartu zuten bertan.

Kanpamentuko egunerokoa ez zen batere erraza “argindarrik, telefonorik, edateko urik, eta abarrik gabe, kanporaketak eta zelatarien erasoak pairatuz; bizitza latza zen”. Aktibista horietako baten hitzetan: “lokatzaz gain, asko gogoratzen dut aireko basearen planifikazioa, horrek boterearen funtzionamendua irudikatzen baitzuen: AEBko militarrak erdigunean zeuden, gero britaniar soldaduak eta gero polizia; kanpoan emakume horiek zeuden, kateatuta, eta noizean behin hesiak apurtu eta basea inguratzen zuten. Eremu maskulino horretan indarrez sartzeko gai ginen eta ez geneukan hortik joateko asmorik” (https://www.theguardian.com/uk-news/2017/mar/20/greenham-common-nuclear-silos-women-protest-peace-camp).

Parte-hartzaileen erabakiz, kanpamentuaren lehen hilabeteetan, eremua emakumeena izan zen ia erabat: zenbait lekutara gizonak sar zitezkeen egunez baina, orokorrean, kanpamentua emakumeek kudeatzen zuten. “Emakumearen lekua ez zen etxea, protesta baizik”. Emakumeek zaintzaile eta ama izatean oinarritutako identitatea azpimarratu zuten, baita hori irauli ere: “feminitatearen tradiziozko nozioak armatu genituen”. AEBk eta Sobietar Batasunak munduko nagusitasun nuklearragatik borrokatzen ziren garai horretan berean, emakume horiek lerrokatzearen eta indarkeriaren aurka zuten konpromisoa aldaezina zen.

Greenham Common aldaketa bat izan zen bake-mugimenduentzat eta batez ere emakumeen mugimendu bakezaleentzat. Urtez mantendutako ekintza horrek bake-mugimenduen profil politikoa aldatu zuen hiru alderdi nagusi hauen bitartez: internazionalizazioa, metodologia eta genero-ikuspegiaren nagusitasuna. Emakume horiek Australiako, AEBko, Italiako, Japoniako eta beste herrialde askoko arma nuklearren aurkako emakume-taldeekin lan egiteko loturak eta hartu-emanak ezarri zituzten; aireko basearen ingurua okupatzean, eguneroko protestetan eta kanpamentuaren kudeaketan ere, emakume horien metodologia indarkeriarik gabeko ekintza zuzenean eta erresistentzia zibilean oinarritu zen; eta beti generoa botere-egituratzat hartzen zuten azterketetan oinarrituz.

Ingalaterra