es / eu

Mendebaldeko Sahara

Mendebaldeko Saharako emakumeen aktibismo politikoak eta giza eskubideen aldekoak ibilbide luzea du. Espainiaren okupazio kolonialaz geroztik, 1960 eta 1970eko hamarkaden artean, emakume sahararrek eginkizun erabakigarria izan zuten 1973an, nazio askapenerako borroka bultzatu zuen Frente Polisarioaren sorrera ekarri zuen prozesu iraultzailearen ernatze eta garapen prozesuan. 1975ean, “Martxa Berdea” izenekoaren bidez, Mendebaldeko Sahararen okupazio militar eta zibilari ekin zion Marokok; estrategia hari esker lortu zuen presioa eragin eta Madrilgo Hiruko Akordioak sinatzea; legez kanpoko itun haren bidez, Espainiako estatuak Mendebaldeko Sahara utzi, eta Maroko eta Mauritaniaren artean bana zezaten ahalbidetu zuen, Nazio Batuen aginduari jarraikiz herrialdea deskolonizatu beharrean. Une hura izan zen Frente Polisarioa Mauritaniarekin (1975-1979) eta Marokorekin (1975-1991) aurrez aurre jarri zuen gerraren hasiera.

Marokoren okupazio bortitzak herri sahararraren exodoa eta banantzea eragin zituen; milaka lagunek basamortura ihes egin behar izan zuten bonbardaketen artean eta, azkenik, Aljerian, Tindufen aurkitu zuten babeslekua. Han daude oraindik, kanpalekuetan, lau hamarkada luzeren ondoren eta, oraingoz, euren herrialdera itzultzeko inolako aukerarik gabe. Iheslari izanik pairatu beharreko baldintza gogorretan, Emakume Sahararren Batasun Nazionalaren (UNMS) (http://www.mujeressaharauisunms.org/) bidez emakumeek kanpalekuen antolamendu zibilaren eta mantentze lanen protagonismoa hartu zuten, eta munduan gehien aztertu eta nabarmendu izan den aterpetu egoerapeko antolamendu-esperientzia izatera iritsi ziren. Kanpalekuetako bizimoduak oso urrakor izaten jarraitzen du; kanpoko laguntzaren mende daude oraindik, eta nazioarteko komunitateak ez du jarduten haiek euren herrira itzul daitezen ahalbidetzeko. Herri sahararraren beste zati bat euren lurraldean geratu zen, eta, gaur egunera arte, Marokoren politika errepresiboei aurre egiten jarraitzen du; beste batzuk, euren lurretik urrun erbesteraturik daude, eta beste zati bat -gutxienak- gerrak iraun zuen bitartean Frente Polisarioak askatu zituen lurretan bizi da.

Herri sahararrak autodeterminaziorako eskubidea duela erreibindikatzearen prezioa oso altua izan da beti aktibista sahararrentzat; izan ere, giza eskubideen behin eta berriroko urraketak pairatzen dituzte Marokoko estatuaren eskutik, hala nola: bidegabeko atxiloketak, desagertze behartuak, kartzela, tortura, sexu-indarkeria, desplazamendu behartua, idokitzea, etab. Mendebaldeko Sahara okupatuan, oraindik ere, hainbat errepresio eta kontrol modalitate pairatzen dituzte emakumeek, eta horrek bereziki eragiten die haien eskubideen jardunari: elkartzeko eskubideari, adierazteko eskubideari, manifestatzeko eta zirkulatzeko eskubideari eta, halaber, haien eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalei (https://www.youtube.com/watch?v=wKKa5T_nwTE). Hala eta guztiz ere, emakume sahararren hainbat belaunaldik jarraitzen du borrokan, bizirik irauteko eta elkar laguntzeko ekintzekin, autodeterminazioa eskatzeko, okupazioa salatzeko, identitate kultural sahararra babesteko, giza eskubideen aldeko erakundeetan parte hartzeko, Marokoren espoliazioaren aurrean bertako baliabide naturalak defendatzeko, kartzelaratutako sahararrei laguntzeko eta erresistentzia-estrategien parte gisa haien memoria kolektiboa berreskuratzeko (http://publicaciones.hegoa.ehu.es/publications/348).

Emakumeak okupazioaren kontra eta giza eskubideen defentsan