Azaroan bi tailer egin dira proiektuen justifikazio, jarraipen eta ebaluazioari buruz
Azaroaren 19an eta 24an, Hegoaren aholkularitza-arloak bi tailer eman zituen GGKEtako teknikarientzat.
Lehenengoa Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) Gizarte Kohesioko Zuzendaritzak antolatu zuen Bilbon, eta hamaika GGKEtako 20 lagunek parte hartu zuten. Prestakuntzaren helburua zen erakunde horrek diruz lagundutako proiektuen justifikazio teknikoen eta ekonomikoen kalitatea eta koherentzia hobetzea, eta maizko akatsak murriztea eta txostenak amaitzeko epeak laburtzea.
Bigarren tailerra Donostian egin zen, azaroaren 24an, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) Lankidetzako Zuzendaritzak antolatu zuen. Zenbait GGKEtako zortzi lagun bertaratu ziren, eta aukera izan zuten hainbat gaitan sakontzeko, hala nola proiektuen monitorizazioaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren arteko desberdintasunak, eta adierazleei eta erregistro-sistemei buruzko ariketa praktikoak egiteko.
Tailer horiek Hegoaren Aholkularitza Zerbitzuko teknikariek erakundeei eta GGKEei eskaintzen dieten ohiko gaikuntza-katalogoaren parte dira. Prestakuntzez gain, talde hori arduratzen da, berebat, proiektuen ex ante ebaluazioko ekintzak eta jarraipena egiteaz, politika publikoetan aholku emateaz eta nazioarteko lankidetzari eta horren ikuspegi, erronka eta ordezko aukerei estu loturiko azterlanak eta ikerketak egiteaz.
Informazio gehiago, Hegoaren aholkularitza-zerbitzuen atalean.
Lotutako albisteak