Formación en acompañamiento psicosocial: una herramienta para la memoria y la justicia en el Sáhara Occidental
Azaroaren 2tik 5era bitartean, Tindufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuen kanpamentuetan, giza eskubideen urraketen biktimentzako eta haien senideentzako akonpainamendu psikosozialari buruzko prestakuntza egin zen, horien arretan eta akonpainamenduan diharduten profesionalen gaitasunak eta tresnak indartzeko.
20 lagunek hartu zuten parte prestakuntzan, gehienbat Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (SEAD) Osasun Publikoko Ministerioko Psikologia Saileko profesionalak eta, bereziki, Hegoak bultzatutako biktimentzako akonpainamendu psikosozialeko programako taldeko kideak.
Jarduera Zigorgabetasuna salatu: giza eskubideen defentsa Mendebaldeko Saharan proiektuaren barruan kokatu zen. Euskal Fondoak finantzatu zuen proiektua, eta Hegoak SEADeko Osasun Publikoko Ministerioarekin lankidetzan garatu zuen. Biktimen akonpainamenduan eta memoria-, egia- eta justizia-prozesuetan aditua den Carlos Martín Beristainek eman zuen prestakuntza. Bere lan-ibilbideari esker, Latinoamerikan eta Mendebaldeko Saharan izandako esperientziak eta indarkeria politikoko hainbat testuingurutako ikaskuntzak partekatu zituen.
Hamarkadetan zehar behartutako desagertzeek, torturek, atxiloketek, errepresioak eta lekualdatzeek markatutako testuinguru batean, laguntza psikosoziala giza eskubideen defentsarako lanaren funtsezko dimentsioa da. Indarkeriaren ondorio emozionalei erantzuteaz gain, familietan eta komunitateetan dituen eraginak aitortzea, laguntza-sareak indartzea eta egia, justizia eta erreparazio eskaerei laguntzea ere ezinbestekoak dira.
Saioetan hainbat gai jorratu ziren, hala nola beldurra, trauma, dolua eta aurre egiteko eta erresistentziarako estrategiak. Elkarrizketa psikosozialak egiteko, konfiantzazko harremanak eraikitzeko eta, pertsonen denborak eta erabakiak errespetatuz, haien testigantzak entzun eta jasotzeko tresnak ere landu ziren, baita haien adostasuna eta informazioaren babesa bermatzeko tresnak ere.
Ikaskuntza nagusietako bat pertsonak jasandako giza eskubideen urraketetara ez murriztearen garrantzia izan zen. Laguntzeak haien historiak, gaitasunak eta sufrimenduari aurre egiteko estrategiak ere aitortzea da, haien denborak eta erabakiak errespetatuz. Siriri txori txikiaren metaforak, gabiraiaren atzetik doana bere txitak askatzea lortu arte, iraunkortasun hori eta justizia bilatzeari ez uzteko borondatea irudikatzen lagundu zuen.
Formakuntzak eduki kontzeptualak, kasuen azterketa, testuinguru desberdinetako esperientziak eta dinamika parte-hartzaileak uztartu zituen. Azken balorazioan, parte-hartzaileek beren eguneroko lanerako eskuratutako tresnak baliagarriak direla nabarmendu zuten, bereziki desagertutako pertsonen senideei eta su-etena hautsi zenetik gertatzen ari diren drone bidezko erasoen biktimei laguntzeko. Halaber, ikaskuntza horietan sakontzen jarraitzeko interesa ere azaldu zuten.
Hegoak biktimei eta haien familiei laguntzen dieten erakunde eta profesional sahararren gaitasunak indartzeko egiten duen lanaren barruan kokatzen du ekimen hau: prozesu horren helburua laguntza psikosoziala giza eskubideen urraketen dokumentazioarekin, memoriarekin eta egia, justizia eta erreparazio eskaerekin lotzea da.
Argazkiak:



Lotutako albisteak