Autoritarismoaren alternatibei buruzko Erdialdeko Amerikako Topaketak 40 migratu, erbesteratu eta errefuxiatu bildu ditu Bilbon

Data: 2026(e)ko Urriak 27

Hegoa Institutuak (EHU) eta Euskal Herriko salvadortarren Kuska Sarea kolektiboak antolatutako Erdialdeko Amerikako Autoritarismoaren aurkako alternatibak: diasporatik eta erbestetik egindako begirada kolektiboa topaketak 40 pertsona bildu zituen joan den larunbatean, urriaren 24an, Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundearen egoitzan (Bilbo). 

Euskadin eta Europako zein Espainiako Estatuko beste leku batzuetan (Asturiasen, Bartzelonan, Gironan, Sevillan, Badajozen eta Madrilen, besteak beste) bizi diren El Salvadorreko, Guatemalako, Nikaraguako eta Hondurasko migratu, erbesteratu, errefuxiatu eta nazioarteko babes-eskatzaileek hartu zuten parte. Guztiak gizarte-mugimenduekin, elkartasunarekin eta giza eskubideen defentsarekin lotuta daude.

Jarduera honen bidez, erakunde antolatzaileek militarismoaren eta autoritarismoaren aurrerapenak eta hainbat atzerakada demokratikok markatutako Erdialdeko Amerikako egungo egoerari buruzko azterketa- eta hausnarketa-gune kolektiboa sortu nahi zuten. Dinamika horiek giza eskubideen urraketa larriak eragiten ari dira eta eragin sakona dute bai eskualdeko herrialdeetan bai gizarte-erakundeetan eta -mugimenduetan; aldi berean, eragina dute migrazioaren eta erbestearen gorakadan.

Lana hiru ardatzen inguruan antolatu zen: a) kultura, identitatea eta memoria historikoa; b) komunikazioa, egia eta adierazpen askatasuna; eta c) sareak, aliantzak eta eragina. Topaketa oso metodologia parte-hartzailearekin gauzatu zen, eta truke- eta artikulazio-guneak sortzearen garrantzia agerian utzi zuen, baita ekimen horiek Erdialdeko Amerikako diasporako eta erbesteko pertsonen, kolektiboen eta erakundeen arteko sareko lana indartzeko duten potentziala ere.

Jarduerak Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimekiko Arretaren Zuzendaritzaren babesa izan du, babes- eta erbesteratze-egoeran dauden giza eskubideen urraketen biktimei egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak emateko agendari laguntzeko proiektuaren esparruan.


Informazio gehiago: 


Argazkia: