Juan Manuel Crespo doktoratu da krisi klimatikoari aurre egiten eta ongi bizitzen laguntzen duten Amazoniako herrien jardunbideei buruzko tesiarekin
Juan Manuel Crespok irailaren 25ean, ostiralean, defendatu zuen bere tesia EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko, Bilbo): Bizitza Onaren Bioeskualdea Amazonian. Bizitzako Lurraldeak, estraktibismo osteko trantsizio ekosozialerako estrategia eta Garapenaren alternatiba birsortzaile gisa.
Orain doktore denak Garapen Ikasketen Doktoretza Programa egin zuen, eta Hegoa Institutuari atxikitako haren tesia Unai Villalba Eguiluzek zuzendu du eta, lehenago, Eduardo Bidaurratzaga Aurrek. Epaimahaia Miriam Langek (Andeetako Simón Bolívar Unibertsitatea), Fernando García-Querok (Granadako Unibertsitatea) eta Iker Etxanok (Euskal Herriko Unibertsitatea) osatu zuten. Lortutako kalifikazioa Bikain Cum Laude izan da.
Tesiaren laburpena
Juan Manuel Cresporen doktorego-tesiak, klimaren krisi globalaren aurrean Amazoniako herriek bultzatutako garapen osteko estrategiek eta jardunbideek bizitza ona nola indartzen duten eta bizitzako lurraldeen trantsizio ekosozial birsortzaileari nola laguntzen dioten aztertzen du. Amazoniako Arro Sakratuen Aliantzaren (ACSA) Ekuador eta Peruren arteko mugako eskualdeko azterketa-kasutik abiatzen da, eta helburu orokortzat du garapen eta estraktibismo paradigmaren alternatibak, herri indigenek bizi dituzten biodibertsitate handiko lurraldeak babestu eta birsortzen dituztenak, ikusaraztea.
Metodologiari dagokionez, ikerketa Hegoaldeko epistemologietan, sentipentsamenduan eta ekintza-ikerketa parte-hartzailean oinarritzen da, eta egilea behatzaile parte-hartzaile gisa aritzen den kasu-azterketa instrumental eta intrintsekoa hartzen du. Landa-lanak bost urte iraun zuen (2019-2024), eta lurralde-batzarretako, plangintza-tailerretako eta komunitate-zeremonietako behaketa parte-hartzailea hartu zuen barne, baita prozesuko funtsezko hamabi eragileri egindako sakoneko elkarrizketak ere.
Erabilitako tresna kontzeptual nagusiak hauek izan ziren: garapen osteko eta estraktibismo osteko esparru teorikoa, bizitza ona/sumak kawsay paradigma alternatibo gisa, herri indigenen lurralde-ontologiak eta bioeskualdetasuna mugaz gaindiko plangintzarako ikuspegi gisa.
Emaitzek agerian uzten dute ACSAren 2030 Bioeskualde Plana estraktibismo osteko erresistentzia, lurraldea izaki bizidun (kawsak sacha) gisa ontologikoki defendatzea eta bizitzako lurraldeetatik abiatutako subiranotasun ekosozialen eraikuntza artikulatzen dituen bizitza onaren operazionalizazio berritzailea dela. Hala ere, kanpoko finantzaketaren mendekotasunaren eta lurralde-autonomiaren artean, eta planifikazioaren logika estatalaren eta gobernantza indigenaren berezko denborazkotasunen artean ebatzi gabeko tentsioak ditu.
Ondorio nagusia da herri indigenek zuzendutako bioeskualde-plangintza trantsizio ekosozial errealak artikulatzeko gai den tresna eraldatzailea dela, baina garapenaren benetako alternatiba gisa bizitzatik eraikitzen denean soilik finka daitekeela eta ez kapitaletik, ikuspegi filosofikoen (bizitza ona), lurralde-defentsarako estrategien (bizitzako lurraldeak) eta gobernantza autonomoko jardunbideen arteko koherentzia ontologikoari eutsiz. Horrek berekin dakar, nahitaez, finantzaketa-sistema globalaren egiturazko kontraesanei eta Estatu-nazio garapenisten mugei aurre egitea
Ikus webgune honetako tesi atala.
Argazkiak:


Lotutako albisteak