Hegoak elkartasuna adierazten die saharar preso politikoei, haien familiei eta haien eskubideak defendatzen dituztenei

Data: 2026(e)ko Urriak 14

Hegoa biziki kezkatuta dago Marokoko espetxeetako saharar preso politikoen alde mobilizatzen diren senideen eta pertsonen aurkako errepresioa dela eta.

2026ko urriaren 12an, marokoar polizia-indarrak bortizkeria handiz oldartu zitzaizkion gose-greba egiten ari diren presoen senideek, ikasleek eta saharar ekintzaileek Rabaten, Espetxe Administrazioaren Ordezkaritzaren aurrean, antolatutako kontzentrazio solidarioari.

ISACOMek eta saharar antolakunde zenbaitek zabaldutako informazioaren arabera, parte-hartzaileetako batzuk atxilo eraman zituzten, besteak beste, hauek: Hassana Douihi giza eskubideen defendatzaile, eta ISACOMen eta Presoen Babeserako Ligaren kidea, eta Brahim Babeit, Mohamed Lemrabet, Salah Eddine Sabbar, Elhocein Chaibab, Aziz Elouahidi eta Khaled Boufreioua saharar ikasleak.

Saharar preso politikoek irailaren 23an hasi zuten gose-greba, beren baldintzak okertu direlako, erreibindikazioei erantzunik eman ez zaielako eta senideen bisitetarako murrizketak ezarri direlako, eta testuinguru horretan etorri dira atxiloketak. ISACOMek salatu du Marokoko poliziak berriro eragotzi diola Marokon sartzea Claude Mangini, Naâma Asfari senarra, saharar preso politiko eta giza eskubideen defendatzailea, bisitatzera joan denean.

Hegoak elkartasuna adierazten die saharar preso politikoei, haien familiei eta haien eskubideak defendatzen dituztenei Halaber, babesa adierazten dio ISACOMi, saharar herriaren giza eskubideen alde egiten dugun lanean antolakunde aliatua da-eta, bai eta errepresioa salatzen eta inpunitatearen aurka borrokan jarraitzen duten antolakundeei ere.

Elkartasun osoa eta alboan gauzkala adierazi nahi diogu bereziki Mina Baali giza eskubideen saharar defendatzaile eta Hegoaren lankide eta burkideari, bai eta bere familiari ere, Hassana Douihi senarra atxilotu dute eta.

Hegoak Marokoren jarduketa errepresibo horiek gaitzesten ditu, eta eskatzen du atxilotutakoak berehala aska ditzatela, saharar preso politikoen oinarrizko eskubideak errespeta daitezela eta beren osotasun fisiko eta psikologikoa, arreta medikorako irispidea, kanpoaldearekiko komunikazioa eta familia-bisitak bermatu daitezela. Bat egiten dugu ISACOMen aldarriarekin; giza eskubideak babesteko nazioarteko eta eskualdeko mekanismoek eginahalak areagotu behar dituzte urraketa horien aurrean.


Informazio gehiago: