"Jakintzak hara-hona" dokumentalaren birak unibertsitate ireki eta guztion ongiaren aldeko konpromisoaren inguruko gogoetak sustatu ditu
Urria eta azaroa bitartean, Jakintzak hara-hona. Lankidetza Unibertsitatearen, komunitateen eta lurraldeen artean: lau esperientzia dokumentalak zazpi unibertsitate publiko eta La Casa Encendida (Madril) espazio sozial eta kulturala bisitatu zituen. Birari esker, dokumentalean jasotako esperientziak partekatu eta unibertsitateko eta gizarteko hainbat eragileren arteko hartu-emanerako espazioak sortu ziren, Unibertsitatearen eta gizartearen arteko harremanaren inguruan.
Dokumentalak lau esperientzia biltzen ditu, ikuspegi kritiko eta lurraldeari lotu batetik hainbat gai jorratzen dituztenak: emakume paziente onkologikoen esperientziak eta gaixotasunak gizartean, lanean eta ekonomian dituen inpaktuak, ikuspegi etnografiko feminista batetik (Revela CM); lurraldearen defentsa Tabernaseko basamortuko megaproiektu fotovoltaikoen aurrean (La fiebre del sol); osasun-arreta euskaraz jasotzeko eskubidea eta horrek zaintzekin duen harremana (Euskara zaintza da: Hizkuntza eta Osasuna txirikordan); eta parte-hartze komunitarioa eta konfiantzazko sareen eraikuntza Alcantarillako (Murtzia) San José Obrero auzoan (Hacer barrio).
Biran zehar, hainbat fakultatetako ikasleek, irakasleek eta lankidetzarekin, berdintasunarekin, iraunkortasunarekin eta unibertsitate-hedakuntzarekin lotutako unibertsitate egituretako ordezkariek parte hartu zuten, baita errektoretza taldeetako eta dekanotzetako kideek ere. Dokumentatutako esperientziak garatzen diren lurraldeetako gizarte-erakundeek eta kolektiboek ere batu ziren.
Latinoamerikako unibertsitate aliatuetako bi erreferentek parte hartu zuten ere, biak Unibertsitate Hedakuntza Kritikoan ibilbide luzea dutenak: Diana Granados, Huellas lurraldeko (Cauca, Kolonbia) Nasa herriaren Erreserba Indigenako talde pedagogikoko kidea eta Kolonbiako Cauca Unibertsitateko Semillero de Investigación Taller de Etnografía kidea; eta Humberto Tommasino, Uruguaiko Errepublikako Unibertsitateko Ikaskuntza eta Hedakuntza Programako irakaslea eta Espacio de Formación Popular koordinatzailea.
Haien parte-hartzeari esker, Latinoamerikan ikuspegi kritikotik Unibertsitate Hedakuntzaren inguruan garatutako esperientziak eta gogoetak partekatu ziren.
Unibertsitatea lurraldeekiko elkarrizketatik pentsatzea
Proiekzioek eta topaketek hausnarketa partekatuaren erdigunean Unibertsitate Hedakuntza Kritikoa jarri zuten. Dokumentala material politiko-pedagogiko gisa aurkeztu zen, unibertsitate publikoak gure garaiko erronka sozial, ekologiko eta demokratikoen aurrean duen zeregina birpentsatzeko eta inguruko errealitateei lotuta, guztion ongiaren alde konprometitutako unibertsitate ireki bat eraikitzen jarraitzeko.
Jakintza hara-hona osatzen duten lau piezek ezagutza mugimendu sozialekin, erakundeekin eta komunitateekin batera eraikitzeko beharra balioesten dute. Esperientzia horiek erakusten dute zeinen garrantzitsuak diren jakintzen arteko elkarrizketa, parte-hartzea, harreman horizontalak eta ikerketa kokatua, lurraldeei lotutako ezagutzak eta ekintzak sortzeko.
Topaketei esker, unibertsitateen eta gizarte-kolektiboen arteko lankidetza-moduei buruzko galderak eta ikaskuntzak partekatu ahal izan ziren, baita jakintza eta esperientzia desberdinak aintzat hartuko dituzten harreman horizontalak eraikitzeari buruzkoak ere. Askotariko eragileen arteko elkartruke horiek zer unibertsitate nahi dugun eta nola parte har dezakeen eraldaketa sozial eta ekosozialeko prozesuetan pentsatzen laguntzen dute.
Hausnarketa sortzen jarraitzeko eskuragarri dagoen dokumentala
Bira proiektuaren komunikazio estrategia eraldatzailearen parte da -Hegoak bultzatua eta AECIDek lagundua, Extensión Universitaria Crítica para contribuir a los ODS y construir conocimiento-acción relevante para la transformación ecosocial, Espainiako Estatuko unibertsitate publikoak eta Latinoamerikako unibertsitateak biltzen dituena.
Jakintzak hara-hona dokumentala material politiko-pedagogiko gisa dago eskuragarri, esperientzia horiek partekatzeko, topaketa eta gogoeta-gune berriak sustatzeko eta unibertsitatearen, komunitateen eta lurraldeen arteko lankidetzatik abiatuta hezkuntza emantzipatzaileaz hausnartzen jarraitzeko.
Informazio gehiago:
Erlazionatutako berriak: https://www.hegoa.ehu.eus/eu/events/105
Multimedia: https://www.hegoa.ehu.eus/saberes-en-movimiento
Lotutako albisteak