
Marokok Eusko Legebiltzarreko eta Euskal Fondoa elkarteko ordezkariek okupatutako Sahara bisitatzea eragotzi du
Eusko Legebiltzarrak asteon salatu duenez, Marokok Berdintasun eta Garapenerako Lankidetzarako Batzordeko hiru ordezkarik Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuak bisitatzea eragotzi du. Bidaia Euskal Fondoa elkartearekin lankidetzan antolatuta zegoen, eta, hala, elkarteko ordezkaria ere herrialdetik kanporatua izan da okupatutako Mendebaldeko Saharako Aaiun hiriburua bisitatzeko aukerarik gabe.
Erakundeak bere webgunean bertan azaldutakoaren arabera, Mikel Arruabarrena (EAJ), Amancay Villalba (EH Bildu) eta Jon Hernández (Sumar) legebiltzarkideek osatutako euskal ordezkaritzak –hirurak dira Eusko Legebiltzarreko Berdintasun eta Garapenerako Lankidetzarako Batzordeko kideak–, Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharara bidaiatu zuen bertan giza eskubideen egoera nolakoa den egiaztatzeko asmoz, zehazki, sahararren egoera. Ez da Marokok horrelako bisita bat eragozten duen lehen aldia.
Hainbat komunikabidek eman dute albistearen berri, tartean Naiz eta EITB. Bigarren komunikabide horrek azaldutakoaren arabera, euskal ordezkaritzako kideak «ipso facto eta inolako azalpenik eman gabe» kanporatu zituzten, hegazkinetik bertatik jaisteko aukera ere eman gabe. Horregatik, euskal ordezkaritzako kideek «Marokoren jarrera lotsagarri eta onartezina» salatu dute, eta gertatutakoa ordezkari publiko gisa dituzten eskubideak urratzen dituen «bidegabekeria» dela salatu dute.
CONASADH Saharako Giza Eskubideen Batzordeak ere gertatutakoa salatu du komunikatu baten bitartez: «Irmoki salatzen ditugu Marokoko Erregimenaren politikak, bai eta okupatutako Mendebaldeko Saharak pairatzen duen blokeoa ere, oraingoan nazioarteko legebiltzarkideei, abokatuei, kazetariei eta begiraleei bertan sartzea debekatzea ekarri duena».
Lotutako albisteak




