Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
buruzko Ikasketa Institutua

Hegoa celebra el número 100 de ‘Cuadernos de Trabajo’ con un encuentro en el que se abordan la trayectoria y los retos futuros de la publicación

Data: 2026(e)ko Urtarrilak 29

Cuadernos de Trabajo / Lan-Koadernoak Hegoa aldizkariaren lehen zenbakiaren argitalpena 1989an garapenaren eta lankidetzaren arloko ikerketen emaitzak zabaltzeko apustu irmoa izan zen. Hogeita sei urte geroago, eta 100. zenbakia berriki argitaratu ondoren, Hegoak aldizkariaren ibilbidea ospatu zuen topaketa baten bidez. Ekitaldira aldizkariaren sorreran aritutakoak, egungo erredakzio-kontseiluko kideak, hainbat autore, bai eta gertuko beste hainbat lagun ere hurbildu ziren.

Horrela, urtarrilaren 15ean, Zubiria Etxean, Irantzu Mendia Azkue Hegoako zuzendariak moderatutako mahai-ingurua egin zen. Hizlariak Koldo Unceta, EHUko Ekonomia Aplikatuko katedradun emeritua eta Cuadernos de Trabajo / Lan-Koadernoak aldizkariaren sortzaileetako bat, eta Patxi Zabalo, erredakzio-kontseiluko egungo zuzendaria, izan ziren. Ekitaldian, gizarte zientzien dibulgazioaren esparruan, bereziki garapenaren arloan, “hutsune bat betetzeko” asmoz sortu zen aldizkariaren ibilbidea izan zen hizpide.

Koldo Uncetaren hitzetan, lehen zenbakiak argitaratu zirenean Hegoaren ikerketa-gaitasuna oraindik mugatua zen, eta, horregatik, sarritan kanpoko ekarpenak bilatzen ziren. Izan ere, 0. zenbakia Samir Amin ekonomialari eta soziologo egiptoarrarekin egindago lankidetza baten emaitza izan zen; Aminek Hegoak unibertsitatean egin zuen lehen jarduera publikoan ere parte hartu zuen.

Samir Aminen testuari, “Mendebalde-Ekialde-Hego harremanen beste konfigurazio bat: desiragarria, probablea ala posiblea?” izenekoari, Clara Murguialday ekonomialari feministaren artikuluak jarraitu zion: “Emakumeen mugimendua: Latinoamerikan eta Karibean sortzen ari den eragile sozial berria”. Hurrengo zenbakian, Xabier Gorostiagaren testuak nazioarteko ondarea eta 1979 eta 1989 artean sandinismoak izandako erronkak izan zituen aztergai. 1990eko lehen Lan-koadernoarekin, Bob Sutcliffek gaurkotasun handiko gai bati ireki zion bidea: “auzi ekologikoa”. Uncetaren esanetan, gai horrek ordurako “iraganeko ideologia eta teoria garapen-zale” guztiak zalantzan jarftzen zituen. Azpimarratzekoa da, halaber, testu berean ekonomialari britainiarrak herrialde aurreratuetan eskuinaren hazkundeari buruz ohartarazten zuela.

Argitalpen honen ibilbideak erakusten du, gainera, Koldo Uncetaren arabera, gaiak nabarmen zabaldu direla hasierako analisiekin alderatuta; izan ere, hasierako lanak garapenaren eta lankidetzaren inguruko garaiko ikuspegira oso lotuta zeuden, mendekotasunaren teoriara eta Ipar-Hego ikuspegietara.

Bilakaera horretan, aldizkariak diseinuan eta argitaratzeko ereduan ere aldaketak izan zituen. Patxi Zabalok Lan koadernoen etapa nagusiak azaldu zituen: hasieran paperean soilik argitaratzen zen, Hegoak antolatutako jarduera akademikoetan banatuz eta beste dokumentazio-zentro eta liburutegiekin trukatuz; ondoren, digitalizazio-prozesua egin zen, eta aldi berean paperean eta Hegoaren webgunean argitaratzen hasi zen; eta, azkenik, egungo formatura iritsi da, formatu digital irekian soilik, bai Hegoaren webgunean bai EHUko Aldizkari Zientifikoen Atariaren bidez.


Informazio gehiago:

Cuadernos de Trabajo / Lan-Koadernoak aldizkariaren ale guztiak Hegoaren Argitalpenen webgunean eta EHUko Aldizkari Zientifikoen Atariaren bidez kontsulta ditzakezu.

Mahai-inguruaren bideoa laster egongo da eskuragarri Hegoa Multimedia webgunean.






Lotutako albisteak