Bakearen, nazioarteko zuzenbidearen eta bizitzaren duintasunaren alde
Espainiako Bakerako Ikerketa Elkarteak (AIPAZ) —haren kide da Hegoa— komunikatu bat plazaratu du Ekialde Hurbileko indarkeriaren gorakada eta bizikidetza-esparru globalen urraketa sistematikoa direla eta.
Komunikatu horren bidez, AIPAZek bakearen, nazioarteko legediaren, pertsona guztien duintasunaren defentsaren eta giza bizitzaren babesaren aldeko jarrera irmoa adierazten du:
-
Giza duintasunaren berdintasuna aldarrikatzen dugu. Gure konpromisoaren oinarrian premisa etiko hau dago: pertsona guztiek dute bizitzeko eskubidea. Logika horren arabera, askapena ezin liteke eraiki bizitzak suntsitzearen bidez. Sahar Delijani irandar idazleak dioen bezala, «askapenera errugabeen bizitzak suntsitzearen bidez soilik iritsi bazara, lortu nahi duzuna ez da askatasuna».
-
Kaosa estrategia geopolitiko gisa erabiltzea arbuiatzen dugu. Kezkaz betetzen gaitu «desordena global berri» honen sorrerak, non indar basak diplomazia ordeztu nahi baitu. Israelek eta Estatu Batuek Iranen aurka egindako erasoek soberania nazionala urratu ez ezik, Nazio Batuen eta multilateralismoaren habeak ere zuzenean kolpatzen dituzte. Ekintza horien helburua ez da inondik ere segurtasuna ezartzea, baizik eta baliabide estrategikoen (adibidez, petrolioa) gaineko hegemonia eta kontrola eskuratzea. Nahitaezkoa da desordena horri aurre egitea, eta, horretarako, erakunde demokratikoak, nazioarteko zuzenbidea, giza eskubideak eta nazioarteko justizia-auzitegiak defendatzea.
-
Erantzukizun politikoa eta elkarrizketa exijitzen dugu. Europar erakundeen noraez militaristari kritika egiten diogu: berrarmatzearen diskurtsoa darabilte egun, zeina arriskutsua baita munduko bakerako eta urrun baitago haien egiteko etikotik. Klase politikoaren betebehar eta erantzukizun saihetsezina da elkarrizketa eta bitartekaritza erabiltzea edozein gatazka kudeatzeko lehentasunezko tresna gisa. Hitz egitea da bizi-aukerak eta konponbide iraunkorrak sortzeko gaitasuna duen bide bakarra.
-
Ekintzarako deia egiten diogu gizarte zibilari. AIPAZek bat egin du indarkeria-espiral hori gelditzeko exijitzen duten gizarte zibileko ahotsekin.
Ozen esaten dugu gerra sekula ez dela deusetarako konponbidea. Gerrari ez!
Irakurri komunikatu osoa esteka honen bidez edo Aipazen webgunean
Lotutako albisteak