Ekonomia Kritikoen Jardunaldien XX. edizioan izandako parte-hartze handiak agerian uzten du ekonomian ikuspegi eta teoria kritikoak indarrean daudela eta gero eta beharrezkoagoak direla
340 pertsona bertaratu baino gehiago, 240 komunikazio baino gehiago, ia 70 saio paralelotan taldekatuta, eta hiru mahai-inguru nagusi nazioarteko profilekin: Ekonomia Kritikoaren XX. Jardunaldietan –ekainaren 10etik 12ra bitartean Bilbon egindakoetan– egondako parte-hartze handiak agerian uzten du jauzi kualitatibo eta kuantitatibo garrantzitsua egin dela ekonomiaren ikuspegi eta teoria kritikoen dinamizazioan eta hobekuntzan.
Izan ere, hogeigarren ediziora iritsi izana esanguratsua da. Azpimarratzekoa da Ekonomia Kritikoen Jardunaldiak bi urtean behin egiten direla 1987az geroztik: ia lau hamarkada ekonomia ulertzeko modu alternatiboen (ekologistak, feministak, marxistak, postkeynestarrak, instituzionalistak, ekonomia sozial eta solidarioa, etab.) topaketa, gogoeta eta eztabaidarako gune gisa, hainbat arlotan, hala nola munduko ekonomian, eskualdekoetan, lanekoetan, sozialetan, unibertsitateko ekonomian eta teoria ekonomikoan. Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (EHU) antolatutako XX. edizio honek proiektu kolektibo horren heldutasuna eta bizitasuna berresten ditu.
Gaur egungo egoera ikusirik (erregimen autoritarioen aurrerapena, gerraren normalizazioa eta ekologiaren eta zaintzen alorretako krisiak), Ekonomia Kritikoen Jardunaldiak eta halakoek zera uzten dute agerian, kapitalak bere nagusitasuna zabaltzen duen lekuetan, birjabetze eta sorkuntza kolektiborako guneak ere irekitzen direla. Edizio honen goiburua («Kapitalaren ofentsiba bizitzaren aurka: deriba autoritarioak eta trantsizioak lehian»), ez zen hautu erretoriko bat izan, baizik eta apustu analitiko zehatz bat; izan ere, erregimen autoritarioen aurrerapena, gerraren normalizazioa, berme demokratikoen gainbehera, eta kapitalismo globalaren berregituraketa –bere krisialdiak hertsapenaren, finantzarizazioaren eta kontrol teknologikoaren bidez kudeatzen dituena– direla-eta, prozesu horiek zorroztasunez eta eufemismorik gabe izendatzeko gune bat ezinbestekoa zen.
Edizio honen ezaugarri bereizgarri bat partaidetzazko eraikuntza-prozesua izan zen. Ekitaldia baino hilabete batzuk lehenago, ikasleek, irakasleek eta aktibistek eztabaidaguneak partekatu zituzten, Jardunaldiei behetik forma emateko, eta apustu egin zuten ez zitezen soilik adituentzako kongresu akademiko bat izan, baizik eta topaleku bat errealitate ekonomikoa ulertu eta eraldatu nahi zutenentzat. Espiritu hori irudikatutako ikuspegi teorikoen aniztasunean (ekonomia postkeynestarra, ekonomia ekologikoa, ekonomia feminista, ekonomia marxista eta ekonomia instituzionala) eta benetako eztabaida hartuko zuten saioen aldeko apustuan islatu zen, ponentzien azalpen hutsetik harago.
Horixe zen XX. Jardunaldi hauen helburu nagusia: hain justu ere, krisiak eta eraldaketak ezaugarritutako garai hau kolektiboki pentsatzera bultzatzea, bai eta behetik sortutako alternatibak eztabaidatzera eta ziurgabetasunen artean, itxaropen eta bizitza komunerako aukera berriak irudikatzera ere.
Ekonomia Kritikoaren Elkarteak (AEC) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ekonomia Aplikatuaren Departamentuak antolatu dituzte Ekonomia Kritikoaren XX. Jardunaldiak. Hauen lankidetza ere izan dute: Hegoa, Mugarik Gabeko Ekonomialariak, FUHEM, Ekopol ikerketa-taldea, Ekonomia Politikoa Sustatzeko Nazioarteko Ekimena (IIPPE), Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentzia (AECID).
Informazio gehiegi:
-
Deialdia Hegoaren webgunean.
Argazkiak:



Lotutako albisteak