Rakel Oion Encina-ren doktoretza tesiaren defentsa: "Berdintasunaren eta genero-ekitatearen arloko politikak Kolonbiako gatazka armatuaren eta bakearen esparruan (1990-2018)"

Data: 2026(e)ko Uztailak 28

Rakel Oion Encinak tesia uztailaren 27an, astelehena, defendatu zuen Gizarte Zientzien eta Komunikazioaren Fakultatean (EHU), Leioan: Políticas de igualdad y equidad de género en el marco del conflicto armado y la paz en Colombia (1990-2018).

Orain doktore denak lanbide-ibilbidea 1990ean hasi zuen nazioarteko lankidetzan eta garapenerako hezkuntzan, eta EHUko irakaslea da 2010ez geroztik, gaur egun Soziologia eta Gizarte Langintza sailean. 

Garapenari buruzko Ikasketak Doktoregoa programa egin zuen, eta Irantzu Mendia Azkuek zuzendu du haren tesia, Hegoa Institutuari atxikia. Epaimahaia honako hauek osatu zuten: Jose Fernando Serrano Amaya (Andeetako Unibertsitatea), Paula Duarte Lopes (Coimbrako Unibertsitatea) eta Ainhoa Novo Arbona (EHU). Kalifikazio hau erdietsi du: Bikaina, Cum Laude Aipamenerako aukerarekin.

Tesiaren laburpena

Rakel Oionen tesiak Kolonbiako ekitatearen eta genero-berdintasunaren arloko politiken eboluzioa aztertu du, gatazka armatuaren eta bakegintzaren ardatzarekin lotuta, 1990etik 2018ra arteko zazpi legealdietan. Ikerketak honako gai hauek ditu oinarri:

  • aztertzea zer lotura dagoen politika horien eta emakumeen, gatazken eta bakearen arloko nazioarteko arau eta politiken artean;

  • ezagutzea Kolonbiako gobernuak nola txertatu dituen, berdintasuna zuzentzeko erakundearen bitartez, gatazka armatuarekin eta bake-prozesuarekin lotutako gaiak;

  • identifikatzea Kolonbiako emakumeen eta feministen mugimenduak politiken diseinu eta ezarpenean parte hartzeko moduak, eta, zehazki, eragiteko zer gaitasun duten gatazkari eta bakeari buruzko gaiak jaso daitezen, eta

  • aztertzea nazioarteko lankidetzak zer eginkizun duen berdintasunaren eta genero-ekitatearen plangintza publikoan, eta, zer eragin duen, Kolonbiako gatazka armatuaren eta bake-prozesuaren esparruan, emakumeen eskubideek aurrera egin dezaten.

Ikus webgune honetako tesi atala