Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Gerran emandako sexu-indarkeriaren aurrean justiziaren aldeko Erdialdeko Amerikako topaketa

Data: 2023(e)ko Uztailak 26

2023ko uztailaren 19, 20 eta 21ean, Hegoa Institutuak (UPV/EHU) eta Duintasunaren eta Bizitzaren aldeko Emakumeen Elkarteak, Las Dignas antolatutako Erdialdeko Amerikako Lankidetza Topaketa egin zen San Salvadorren: "Justiziarako sarbidea gatazka armatuetan emandako sexu-indarkeria kasuetan". Topaketan 50 pertsonak hartu zuten parte, Erdialdeko Amerikako hiru herrialdetako mugimendu feministako eta giza eskubideen aldeko 25 erakunderen izenean: El Salvador, Guatemala eta Honduras.

Topaketaren helburuak bi izan ziren: gatazka armatuetan eta testuinguru errepresiboetan sexu-indarkeriarekin lotutako auzi estrategikoaren potentzialtasunei, aurrerapenei eta zailtasunei buruzko ikaskuntzak trukatzea, bai eta parte hartzen duten erakundeen estrategiak gai horretan indartzea ere. Topaketari esker, gerran emandako sexu-indarkeriaren alderdiak, gaur egun duen jarraitutasuna eta giza eskubideen urraketa larri horren aurrean zigorgabetasuna azaltzen duten faktoreak sakondu ahal izan ziren.

Topaketan, auzi estrategikoko hainbat esperientzia aurkeztu eta eztabaidatu ziren. Adibidez: Guatemalatik, Mujeres Transformando el Mundo Sepur Zarco kasuari heldu zion, non, besteak beste, gatazka armatuan zehar gertatutako emakume maia q’eqchiren aurkako sexu-esklabotzako eta etxeko esklabotzako delituengatik kondena-epaia lortu zen; El Salvadorretik, Cristosalek El Mozoteko sarraskiaren esparruan emandako sexu-indarkeria izan zuen hizpide, eta CPDHk gerran indarkeria horretatik bizirik atera ziren 10 emakume salatzaileri laguntzeko prozesua aurkeztu zuen; Hondurasetik, COFADEHek herrialde hartan Seguritate Nazionalaren Doktrina aplikatu bitartean sexu-indarkeria barne hartu zuten gertaera errepresiboak adierazi zituen.  

Lotutako albisteak