Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Euskadi-Kubaren alde. Defenda ditzagun lankidetza, adierazpen-askatasuna eta AEBek Kubaren aurka ezarritako blokeoaren amaiera

Data: 2024(e)ko Urtarrilak 31

Otsaila erdialdean Madrilen epaituko dute Euskadi-Kuba elkartearen legezko ordezkaritza. Elkartea www.cubainformacion.tv webgunearen jabea zen 2020ra arte. Orobat, webgunea koordinatzen zuen kazetaria epaituko dute, kereila kriminal bat dela eta. Sei urteko espetxealdia eskatzen dute, eta 50.000 euroko kalte-ordaina, kazetaritza lan honengatik: “Crear una crisis sanitaria en Cuba: objetivo de la guerra contra su cooperación médica”.

Kereila jarri duen elkarteak hainbat faltsukeria zabaldu ditu komunikabideetan; adibidez, hauek: Euskadi-Kubak funts publikoak jasotzen ditu (Eusko Jaurlaritzarenak), “Europa eta Espainia ezegonkortzeko”, edota “Europa eta bere erakundeak higatzeko”, eta “lankidetza funtsez” elikatzen da “inteligentzia lanetarako”, lankidetza proiektuetarako jasotako eta behar bezala justifikatutako dirulaguntzak aitzakiatzat hartuta.

Intoxikazio operazio bat da, GGKE baten garapenerako lankidetzako lan solidarioa suntsitzeko ahalegin bat, haren proiektuek uharteko milaka familiari onura ekarri arren. Halaber, kazetaritza kritikoa kikiltzeko saiakera bat da, baina kazetaritza mota hori erabat beharrezkoa da Hegoalde Globaleko herrialdeen errealitatea, eta pobretzearen eta desberdintasunaren arrazoiak ulertzeko, eta, ondorioz, ezinbestekoa da horiek eraldatzeko.

Hegoak laguntza eta babesa ematen dizkie Euskadi-Kuba elkarteari eta Cubainformación hedabideari, justiziaren, egiaren eta prentsa-askatasunaren aldeko borrokan. Halaber, dei egiten dugu laguntza ekonomikoa emateko kanpainan parte hartzera, gastu judizialek ez dezaten eragin Euskadi-Kuba desagertzea.

Halaber, AEBtako gobernuak, beste erakunde batzuen laguntzaz, Kubako herritarren aurka inposatutako blokeo ekonomiko gupidagabea amaitzea exijitzen dugu. Nazio Batuen Batzar Nagusiak jada 31 aldiz gaitzetsi du eta uhartea dagoen krisi ekonomiko larriaren zergatia da.


Informazio gehiago Euskadi-Kubaren webgunean.

Lotutako albisteak