Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Yessika Hoyos Morales giza eskubideak defendatzen dituen abokatu eta CCAJAR (Kolonbia) erakundearen presidentearen aurkako mehatxuak arbuiatzen ditugu

Data: 2024(e)ko Urtarrilak 31

José Alvear Restrepo Abokatu Taldeak (CCAJAR) makina bat mehatxu, jazarpen, egoitza bortxatze eta atentatu pairatu ditu, zeintzuetan giza eskubideen defendatzaileen bizitza eta segurtasuna arriskuan jarri baitira, euren lana oztopatzeko asmoz. Horrenbestez, Giza Eskubideen Amerikarteko Batzordeak CCAJARen kide guztien aldeko kautelazko neurriei eusten die.

2024ko urtarrilaren 22an, Yessika Hoyos Morales aipatu erakundearen egungo presidenteak testu-mezu hau jaso zuen: “Ikusi dugu Alfonso gerrillari pk horri laguntza ematen jarraitu duzula Girardoten. Bigarren aldia da esaten dizuguna kontu horretan muturrik ez sartzeko, ez ote zaizun haren semeari bezala gertatuko”. Hirugarren aldia da Yessika Hoyos Modoñedoko sarraskiarekin loturiko gertakariengatik mehatxatzen dutela, nahiz eta jada ez den biktimen ordezkaria Bakerako Jurisdikzio Berezian.

Hegoa Institutuak Kolonbiako Fiskaltza Nagusiari galdegiten dio has ditzala premiazko ikerketak berehala, egin ditzala zorrotz eta inpartzialtasunez, erantzuleak identifikatzeko eta Yessika Hoyos Morales abokatuaren bizitza eta segurtasuna bermatzera bideratutako neurri eraginkorrak hartzeko.

Hegoak Presidentetzari, Barne Ministerioari eta Kolonbiako Fiskaltza Nagusiari gutun bat bidali dio, eta, bertan, Kolonbiako estatuari galdegiten dio eskaini ditzala giza eskubideak defendatzeko berme guztiak, defendatzaileek pairatutako eraso eta mehatxuak amai daitezen. 


Informazio gehiago CCAJARen webgunean.

Gutuna osorik irakur dezakezu hemen.