
Hegoa Palestinarekin bat
2023ko urrian, giza eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisario Volker Türkek honela deskribatu zituen Israelek Gazan egindako erasoak: «sarraskia». Une honetan, Gazak urtebetez suntsiketa pairatzen eman ondoren, hauek dira zifra ofizialak: 41.500 palestinar hil dituzte, milaka pertsona desagertuta daude —uste da horietako asko hondakinen azpian daudela—, milaka pertsona zauritu dituzte eta ez dago jakiterik zenbat pertsona dauden atxilotuta. Gazako biztanle ia guztiak lekualdatzera behartu dituzte, are behin baino gehiagotan ere, eta Gazako zerrendan ez dago Israelen bonbardaketarik jasaten ez duen toki segururik. Gainera, Israelek murrizketak jarri dizkio laguntza humanitarioari, eta horrek ondorio katastrofikoak ditu: pertsonak hiltzen ari dira gaixotasunak direla-eta eta hedatzen ari den gosetea dela-eta. Horrez gain, ehunaka pertsona hil dituzte eta milaka atxilotu Zisjordanian, Palestinaren kontrako eraso orokortu baten testuinguruan.
Israelek blokeo zurruna ezarri du azken hamasei urteetan Gazan. Orain, suntsiketa erabatekoa eta sistemikoa egiten ari da: bizitegi-auzo osoak, ospitaleak, eskolak, unibertsitateak, liburutegiak, museoak, artxiboak eta bestelako azpiegitura zibilak. Zehazki, Palestinako zientzia- eta kultura-ondarea suntsitzen ari da Israel; izan ere, hezkuntza- eta kultura-azpiegiturak eraisten ari da nahita, milaka ikasle eta irakasle ari da hiltzen Gazan, eta ikasleak eta hezkuntza-erakundeetako langileak jazartzen eta zentsuratzen ari da Palestinako beste toki batzuetan eta Israelen (baita gutxiengo israeldar kritikoaren kontra ere).
Palestinarren genozidioa eta etnozidioa gauzatzea salatzen dugu. Israel horiek egiten ari da nazioarteko komunitatearen gelditasuna eta are AEBren eta Europako herrialdeen gobernuen konplizitateari esker, espazio zibikoa atzera egiten ari den testuinguru batean —Palestinaren aldeko manifestazioen errepresioan irudikatzen da hori—.
Egoera horren aurrean, Hegoak, Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutua denez gero, bat egiten du Palestinako herriarekin eta eskaera hauekin:
-
Berehalako su-eten iraunkorra eta Gazarako laguntza humanitarioaren murrizketa oro amaitzea, bai eta Zisjordanian eta Palestinako beste edozein lekutan Palestinako biztanleriaren aurkako erasoak etetea ere.
-
Bahitutako pertsona guztiak eta arbitrarioki atxilotu eta espetxeratutakoak askatzea.
-
Nazioarteko presioa handitzea Israelgo Estatuarekiko, boikot akademiko, politiko, ekonomiko, kultural eta kirolekoaren bidez, Palestinako herriaren apartheidak irauten duen bitartean.
-
Deskolonizazioa eta Israelek Palestina okupatzeari uztea, eta Palestinako herriaren autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aitortzea, bere etorkizunari eta gobernu moduari buruz libreki erabakitzeko.
Lotutako albisteak




