Carmen Vásquez eta Dorys Ardila, migrazioei, erbesteari eta giza eskubideei buruz solasean
Azaroaren 6an, «Migrazioak, erbestea eta giza eskubideak. Esperientzia praktikoen hurbilketa» hitzaldia egin genuen Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko), 11:00etan. Carmen Vásquez eta Dorys Ardila izan genituen gurekin: Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteko (APDHA) langilea da lehena, eta Egiaren Batzordearen Gomendioen Jarraipen eta Monitorizazio Batzordeko (Kolonbia) kidea bigarrena.
Hogeita hamar bat ikasle, irakasle eta kargu publikoetako ordezkari politikok parte hartu zuten jardueran, eta bazter uzteko eta ikusezin bihurtzeko mekanismoak diren giza eskubideen urraketaren eta egiturazko desberdinkeriaren eta migratzaileek pairatzen duten indarkeria sistemikoaren arteko loturak izan zituzten hizpide hizlariek.
Carmen Vásquezek, alde batetik, Huelvan landan lanean dabiltzan emakumezko migratzaileek pairatzen dituzten egoera prekarioen berri eman zigun. Dorys Ardila, bestetik, eszena publikoan eta politikoan nabariak diren diskurtso arrazistek eta xenofoboek gaur egun mehatxatzen duten nazioarteko arau-esparruaz mintzatu zen.
Panorama politikoan erbestea eta migrazioa jorratu izanak agerian uzten du giza eskubideen aldarrikapenean sakondu egin behar dela; izan ere, eskubideak eta bermeak okerrera egiten ari dira eta migrazioaren kontrako politikak zabaltzen ari dira Europan.
Hausnarketa garrantzitsuak eta egitekoak utzi dizkigu hitzaldiak, eta unibertsitateak badu zer egitekorik, giza eskubideen, gizarte-justiziaren eta gizakien bizitzen aldeko defentsa lehentasunezkoa izan dadin esparru akademikoan.