Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Hegoak X sare sozialetik atera eta Blueskyn kontua ireki du

Data: 2025(e)ko Martxoak 25

Joan den otsailaren 14an, Hegoa, Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak X sare soziala uzteko erabakia hartu zuen.

Hegoa, pentsamendu kritikoa sortzeko eta justizia sozialean, elkartasunean, ekitatean eta aniztasunean oinarritutako eraldaketen zerbitzura jarritako ezagutza sustatzeko konpromisoa duen erakundea da. Horrela, X sare soziala, Elon Musken zuzendaritzapean, sustatzen dituen gizartearen ikuspegia eta baloreak Hegoak beretzat hartzen dituenen antipodetan daudela argi dugu.


Algoritmoen manipulazioaren zantzuek, informazioaren kalitate eta zorroztasun faltak, egiazkoak ez diren eta kudeaketa etiko orotatik urrun dauden baieztapenak biderkatzeko gaitasunak, X plataforma egokia bihurtu dute giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen aurkako mezuak, desinformazio-estrategiak eta eskuin muturreko diskurtso eta politikak mundu osoan zabaltzeko.

Horren aurrean, koherentziagatik eta erantzukizun etikoagatik, Hegoa X-tik ateratzeko erabakia hartu eta gure helburuei laguntzeko beste sare sozial batzuk aztertu ditu. Oraingoz, Blueskyn (@hegoainstitutua.bsky.social) kontu bat irekiko dugula iragarri nahi dizuegu, eta, aurrerantzean, han jarraitu ahal izango duzue gure jarduna.