Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

EHUk aho batez arbuiatu du Palestinako genozidioa, geldialdi instituzionalean egindako elkarretaratzeetan

Data: 2025(e)ko Irailak 30

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) deitutako elkarretaratzeek erantzun zabala izan dute. Errektoretza taldeak deitu du etenaldi instituzionala, Palestinaren kontra Israelgo gobernua egiten ari den genozidioa salatzeko eta elkartasuna adierazteko Palestinako herriari eta Global Sumud ontzidiari. 

“Egoera lazgarria delako elkartu gara gaur EHUko hiru campusetan. Ez da nahikoa bakea aldarrikatzea herri oso bat gosez erailtzen denean, Nazio Batuen Erakundeak salatu bezala. Horregatik isilik geratzea ez da aukera bat” adierazi dute elkarretaratzearen amaieran irakurritako manifestuaren bidez.

Joxerramon Bengoetxea errektoreak eta Juana Goizueta Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak Donostian, Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak Leioan eta Ixone Fernandez de Labastida Arabako campuseko errektoreordeak Gasteizko Letren Fakultatean irakurri dute “EHU Palestinarekin STOP GENOCIDE manifestua”.

Unibertsitateko komunitateari dagokiola giza eskubide guztien aldeko defentsa eta horien urraketaren salaketa egitea, adierazi dute. “Gure ardura etikoak eskatzen digu ezinbestean ahotsa altxatzea. Jasangaitza da Palestinako herriari eragiten ari zaion sufrimendua. Horregatik aho batez salatzen dugu Israelgo gobernua eta armada Gazan eta Zisjordanian praktikatzen ari diren apartheida, garbiketa etnikoa eta erailketa sistemikoa”.

Nazio Batuen Erakundeko errelatore berezi Francesca Albaneseren  A/HRC/55/73 txostenari jarraiki, “EHUk irmoki salatu du Israelgo Gobernua Palestinaren kontra egiten ari den genozidioa eta babesa adierazi dio palestinar herriari”. Eta “babesa, miresmena eta esker ona” adierazi diete “Gazara bidea egiten ari diren 42 ontzietako pertsona guztiei”.  

Fadwa Tuqan idazle palestinarraren Askatasuna poemaren irakurketarekin hasi dute manifestua eta gogoratu dute 2023ko urriaren 7ko zorigaiztoko egun hartatik, 65.000 palestinar baino gehiago erail dituztela Israelgo gobernuak eta armadak, 167.000 zauritu, 200.000 desplazatu eta Palestinako biztanlego guztia gosez hiltzera kondenatu dituztela.


Iturria: Campusa, 2025/09/29.

Lotutako albisteak