Ekonomia feministari eta bizitzaren sostengagarritasunari buruzko saioak ijito herriko emakumeekin
Joan den azaroan, Hegoaren Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza taldeak EAEko emakume ijitoen sustapen eta ahalduntzerako Kulturarteko Elkarteak (AMUGE) sustatutako bi saiotan parte hartu zuen, elkarteak Bilboko Otxarkoaga auzoan duen egoitzan gauzatu den gaitasunak indartzeko prozesuaren barnean.
Saio horietan, herri-hezkuntzako dinamiketan oinarritutako tailerrak egin ziren AMUGEko 30 emakumezko kiderekin baino gehiagorekin: lehen jardunaldian, emakumezko helduekin; bigarrenean, aldiz, emakumezko gazteekin.
Elkarlan horren helburua izan da, batetik, feminismo intersekzionalen eta pedagogia kritikoen arabera loturak estutzea, eta bestetik, topaguneak eta sinergia-espazioak sortzea EHUren eta gizarte-mugimenduen artean, ikuspegi eraldatzaile batean oinarrituta.
Hausnarketa kolektiboan oinarrituta, hainbat gai ipini dira mahai gainean: ekonomia feministak zainketen eta ongizate kolektiboaren nozioei egindako ekarpenak; generoaren araberako lan-banaketaren kontzeptua; eta sistema hegemoniko kapitalistaren gaineko kritika feminista.
Esaterako, izozmendiaren dinamikari esker, modu kolektiboan izendatu eta aitortu ahal izan dituzte ugalketa eta bizitzaren sostengagarritasuna ahalbidetzen duten ezkutarazitako jarduera horiek guztiak, emakumeen ordaindu gabeko lantzat hartu izan direnak beti.
AMUGE elkartea 2003. urtean sortu zen, eta bere egitekoa da ijito komunitatearen, oro har, eskubideak defendatzea eta sustatzea, eta, bereziki, EAEko emakumezko ijitoen autonomia hobetzea eta ahalduntzea, berezitasun etniko eta kulturalei eutsita. Jarduera hau AMUGEk Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) laguntzarekin inplementatzen duen proiektu baten parte da.
Hegoa Institutuak, kapitalaren logiken gainetik bizitzaren sostengagarritasuna lehenesten duen pentsamendu kritikoa sortzea eginkizun izanik, elkarlan horri ekin dio. Baiki, Hegoa aritua da elkarlanean lehenago ere ijito elkarteekin; esaterako, “Hezkuntza-ekintzan, subjektuen, lurraldeen eta borroken arteko aniztasuna: gizartea eraldatzeko artikulazioak” jardunaldian, Bilbon egin zena 2023. urtean.
Hala bada, egituratze-lanak norabide berean segituko du aurrera; modu kolektiboan gogoeta egitea alternatiben gainean, esaterako, ekonomia feministaren proposamenen gainean, autonomia-iruditeriak eraikitzeko eta Bizi Ona helburu dela.
Lotutako albisteak