Eusko Jaurlaritzak Lankidetzarako Euskal Legea aldatu du balizko erabilera militarreko 325 milioi euroko inbertsioak salbatzeko
urrekontu-eztabaida betean, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak lankidetzaren aldeko apustu sendoa eskatu die euskal alderdi eta erakundeei. Eragin politikoko lan horri esker, aurrekontu igoera batzuk lortu dira, besteak beste, Arabako Foru Aldundian (1,2 milioi), Gipuzkoako Foru Aldundian (500.000 euro) eta Gasteizko Udalean (350.000 euro).
Beste erakunde batzuetan, ordea, errealitatea oso bestelakoa izaten ari da, eta euskal lankidetzarako atzerapauso handiak izan dira. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, garapenerako lankidetzara bideratutako ehunekoaren jaitsieraz gain, termino absolutuetan ere murrizketa bat eman da.
Eta ez hori bakarrik. Gainera, elDiario.es Euskadi hedabideak duela egun batzuk jakitera eman zuenez, azaroaren 28an, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek —EAJk eta PSE-EEk, gehiengo osoarekin— zuzenketa batzuk egin zizkioten 2026rako Aurrekontuen Legeari. Teorian teknikoak diren zuzenketa horien artean, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea aldatzeko azken xedapen bat sartu zen; zehazki, Garapen Jasangarrirako Politiken Koherentziari buruzko 10. artikulua aldatzen zuena.
«Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak, sustapen ekonomikoko bere politiken esparruan, ez du lankidetzarik egingo Europako Segurtasun Estrategiaren baitan kokatzen ez diren armamentua edo erabilera militarreko teknologia ekoizteari, merkaturatzeari edo finantzatzeari lotuta dauden pertsona fisiko edo juridikoekin». Horixe da Lankidetzarako Euskal Legearen 10.4 artikuluaren idazketa berria. Baldintzatzaile berri hori gehituta, Eusko Jaurlaritzak aukera izango du arma-industriarekin ekonomikoki elkarlanean aritzeko, betiere Europakoa bada.
Zuzenketaren testuan, bi talde parlamentarioek honela justifikatu dute aldaketa: «Onartzen ez bada, 325 milioi euroko industria-inbertsioa arriskuan jarriko da Euskadin». Eta hiru sektore estrategiko aipatzen ditu: zibersegurtasuna, aeroespaziala eta erregai berriztagarriak. «Erabilera bikoitzeko» inbertsiotzat har daitezkeen inbertsioak izango lirateke; hau da, erabilera zibil zein militarra izan dezaketen produktuak ekoizteari begirakoak.
Jakinarazpen osoa irakur dezakezu Euskadiko GGKEen Koordinakundearen webgunean.
Lotutako albisteak