Tifaritiko Unibertsitatearekiko elkarlana indartzea, giza eskubideen esparruko ikerkuntza eta prestakuntza ekintzetarako
Moulay Emhamed Brahim Tifaritiko Unibertsitateko errektoreak harrera egin zion 2025eko abendu hasieran, saharar herriaren Tindufeko kanpamentuetan dagoen egoitzan, Euskal Herriko Unibertsitateko Hegoa Institutuaren ordezkaritzari, Irantzu Mendia Azkue Institutuko zuzendaria buru zuenari. Bilkuran parte hartu zuten, halaber, Tatiana Montenegro Garay eta Gloria Guzmán Orellana talde teknikoko kideek.
Bilkura baliatu zen erakunde bien arteko aldebiko harremanak berresteko. Iragan berri den 2025ean ekin zitzaion berriro harreman horri, Eusko Jaurlaritzak Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren bidez finantzatutako lankidetza-proiektu baten barnean. Halaber, bilkuran gogoeta egin zuten erakunde bien arteko lankidetzarekin jarraitzearen inguruan, zeina bereziki baitago lotuta dibulgazio zientifikora eta giza eskubideen esparruko ikerkuntza eta prestakuntza ekintzetara.
Prestakuntza
Saioan, ordura arte egindako ekintzak balioetsi ziren, esaterako, Tifaritiko Unibertsitateko Ikerkuntza Zentroa indartzea eta Hegoaren ikerketetako aurkikuntzak ezagutaraztea, hain zuzen ere, marokoar okupazio-erregimenak saharar herriaren aurka egindako giza eskubideen urraketen gainekoak.
Prestakuntza-ekintzetatik, Hegoak 2025eko uztailean emandako bi saio nabarmendu behar dira: batetik, liburutegi eta dokumentazio-zentroentzako komunikazioa eta marketin digitala, eta bestetik, ebaluazio zientifikorako metrika alternatiboak. Gainera, Abderrahman Taleb Omar Tifaritiko Unibertsitateko Ikerkuntza Zentroaren koordinatzaile eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Hegoaren master ofizialetako jarduera batean, urrian, hitzaldi bat eman zuen, non ikerkuntzaren garrantzia nabarmendu baitzuen, saharar herriaren egoerari buruz sortu nahi den kontranarratibari ekarpena egiten dio eta.
Argitalpenak
Abenduan egin zen Memorias que resisten: investigación en derechos humanos en el Sáhara Occidental mintegi birtuala. Carlos Martín Beristain irakasleak parte hartu zuen, hizlari nagusia izanik. Saioan El Oasis de la Memoria: Memoria Histórica y Violaciones de Derechos Humanos en el Sáhara Occidental (Hegoa, Bilbo, 2012, bi liburuki) txostenaren aurkikuntza nagusiak aurkeztu ziren, baita Hegoak ildo horretan gerora egindako ikerketen emaitzak ere. Mintegi horretan bertan, halaber, El Oasis de la Memoriaren laburpen exekutiboaren arabierazko itzulpenaren berri eman zen.
Okupatutako Mendebaldeko Saharan giza eskubideen defentsan diharduten pertsona ezagunak izan ziren saioan, esaterako, Alisalem Tamek, El Ghalia Djimi eta Mohamed Elmoutaouakil, baita Abdeslam Aomar Lahsen Saharar Presoen eta Desagerrarazien Senideen Elkarteko presidentea ere. Horiez gain, Tifaritiko Unibertsitateko, Venezuelako Unibertsitate Bolivartarreko, Ekuadorreko Ekialde Hurbilari eta Afrikari buruzko Ikasketen Katedrako, Sevillako Unibertsitateko eta beste unibertsitate batzuetako ikertzaileek ere parte hartu zuten.
Orobat, Hegoak Tifariti aldizkariaren bigarren zenbakia zabaltzen lagundu zuen. Argitalpen horrek analisi eta iritzi politiko, juridiko, antropologiko, historiko eta mediatikoak biltzen ditu, arabierazko, espainierazko eta ingelesezko artikuluak plazaratuta.
Informazio gehiago:
-
Tifariti aldizkaria.
Lotutako albisteak