'Climática' eta 'Pikara Magazine': bi aldizkari gehiago eskuragai Hegoaren hemerotekan
Hegoaren Dokumentazio Zentroaren hemerotekak (EHU) aldizkako bi argitalpen berri eskaintzen dizkio interesa duen orori: Climática eta Pikara Magazine. Hemeroteka da Hegoa Institutuak ikaskuntza, irakaskuntza eta ikerketarako eskaintzen duen baliabideetako bat.
Climática krisi klimatikoari eta biodibertsitateari, eta haren zergatiei eta ondorioei buruzko informazioa eta prestakuntza ematen espezializatutako hedabidea da. MásPúblico kooperatibak sortu zuen 2019an. Kooperatiba horrek, halaber, La Marea argitaratzen du.
Aldizkari digitala eta urteko magazina argitaratzeaz gain, Climáticak abian ditu ekimen gehiago ere, hala nola La Uni Climática; irakurketa-klub bat, hilean behin biltzen dena, eta tailerrak eta topaguneak, birtualak nahiz presentzialak.
Beste aldizkaria Pikara Magazine da, Bilbao EME Komunikazioa irabazi-asmorik gabeko lan elkartuko kooperatibaren proiektua. 2010. urtean sortu zen hedabide honek gai sozial, politiko eta kulturalei heltzen die, ikuspegi feministan oinarrituta. Beren webgunean dioten legez, Pikarak “kalitatezko kazetaritza jorratzen du, ikuspegi feminista duena, kritikoa, transgresorea eta gozarazlea”.
Hegoaren Liburutegiak aspalditik eskaintzen ditu Pikarak berak argitaratutako beste material batzuk, esaterako, Feminismos. Miradas desde la diversidad. (2019) edo Energiak monografikoa (2020).
Katalogo zabala
Hegoaren Hemerotekako katalogoak 217 bilduma ditu gaur egun, gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez. Garai ugaritako aleak gordetzen dira, hala nola hauek: 1979az geroztiko Nueva Sociedad; 1981az geroztiko Envío aldizkari nikaraguarra; eta 1987az geroztiko Journal of Modern African Studies.
Pasa den ikasturtean ere bi aldizkari sartu ziren: Postcolonial Studies (Taylor & Francis Group), diziplinarteko eran aztertzen duena harreman eta prozesu kolonialek zer-nola egituratu zuten eta egituratzen duten munduko ordena, eta Gender Issues (Springer), analisi politiko, ekonomiko eta sozialak argitaratzen dituena, aldaketa ekonomiko, juridiko, politiko eta sozialek genero-identitatean eta -harremanetan duten inpaktua aztergai hartuta.
Sartu berriez gain, irakurgai hauek ere nabarmendu nahi ditugu: Alternatives Humanitaires/ Humanitarian Alternatives; Ecología Política - Cuadernos de Debate Internacional; Gender & Development; Revista de Economía Mundial; The European Journal of Development Research; Le Monde Diplomatic; Nueva Sociedad; Papeles de Relaciones Ecosociales y Cambio Global eta Journal of Refugee Studies.
Lotutako albisteak