Giza eskubideen aldeko erakunde sahararrek Afrikan duten eragina indartu dute Giza Eskubideen eta Herrien Eskubideen Afrikar Batzordeak Gambian egindako 87. saioan
Giza eskubideen erakundeen ordezkaritza saharar batek Giza Eskubideen eta Herrien Eskubideen Afrikar Batzordearen (ACHPR) 87. saioan parte hartu zuen Banjulen, maiatzaren 11tik 20ra bitartean.
Misioaren helburua, bada, gizarte zibil sahararrak giza eskubideen arloko Afrikako eremuetan duen presentzia eta eraginda indartzea izan zen, baita Mendebaldeko Sahararen gaia justiziako, babeseko eta defentsako eskualdeko agendetan sartzea ere.
Ordezkaritzak EHUko Hegoa Institutuaren, Euskal Fondoaren eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren laguntza izan zuen, baita Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren babesa ere. Misioak, gainera, erakunde sahararren, erakunde akademikoen eta Mendebaldeko Saharako giza eskubideen eta autodeterminazioaren aldeko erakunde solidarioen arteko lankidetza eta aliantzak indartzeko balio izan zuen.
Parte-hartzea, gainera, Mendebaldeko Sahararentzat oso garrantzitsua den testuinguru batean garatu zen, hau da, SEADek giza eskubideen sistema afrikarraren aurrean aurkeztutako txostenaren berrikuspenarekin batera. Izan ere, prozesu hori estrategikoa da Marokok okupatutako lurraldean egindako giza eskubideen urraketak bistaratzeko eta Mendebaldeko Saharako biztanleen eskakizun historikoak indartzeko.
Saioaren aurreko egunetan, hain zuzen ere, maiatzaren 7tik 9ra bitartean, ordezkaritza sahararrak ACHPRren GKEen Foroan parte hartu zuen. Hura Afrikako gizarte zibilaren artikulazio eremu nagusia da giza eskubideen arloan. Horretan, aliantzak egin ahal izan zituzten Afrikako erakundeekin, esperientziak partekatu zituzten eta eskualdean eragiteko baterako estrategiak abian jarri zituzten.
Misioaren une garrantzitsu bat “Krisi ikusezinak eta eremu mugatuak: giza eskubideen defentsa eta kontuak ematea Saharar Errepublikaren lurralde okupatuetan” mintegia izan zen. Hura Hegoak, Pretoriako Unibertsitateko Giza Eskubideen Zentroak (Hegoafrika) eta Mendebaldeko Saharako Giza Eskubideei buruzko Lantaldeak antolatu zuten, ACHPRren 87. saioaren esparruan.
Topaketan hainbat giza eskubideen defendatzailek, Afrikako eta nazioarteko erakundeetako ordezkarik, akademikok, legelarik eta hedabidek parte hartu zuten. Hala, mintegian zehar, okupatutako lurraldeko giza eskubideen egoerari, Mendebaldeko Saharan aplikatzekoa den nazioarteko esparru juridikori, eta babes mekanismo afrikarren eta internazionalen obligazioei buruzko ikerketen aurkikuntzak partekatu zituzten, baita okupatutako lurraldeetan biztanle sahararrak babesteko dauden erronkak ere.
Hitzaldietan, bereziki landu zituzten nazioarteko monitorizazioari ezarritako mugak, kazetari eta aktibista sahararrek aurkitzen dituzten zailtasunak eta okupatutako lurraldeko giza eskubideen urraketei buruz dagoen blokeo informatiboa. Halaber, babes mekanismoak indartzeko eta kontuak emateko eta giza eskubideen defendatzaile sahararrei bermeak eskaintzeko neurri eraginkorrak garatzeko premia azpimarratu zuten.
Misioak, gainera, gizarte zibil sahararraren parte-hartze gero eta egonkorragoa finkatzen lagundu zuen giza eskubideen esparru afrikarretan. Hala, erakunde sahararren, erakunde akademikoen eta nazioarteko erakunde solidarioen arteko lankidetza indartu zuen. Erakunde parte-hartzaileek, bada, artikulazio horren garrantzi politikoa eta ACHPRren garrantzia nabarmendu zituzten eragiteko eremu gisa, hain zuzen ere, Mendebaldeko Sahararen gaia giza eskubideei, justiziari eta autodeterminazioari buruzko Afrikako eztabaidetan kokatzen jarraitzeko.
Informazio gehiago:
- Maiatzaren 13an Hegoaren webgunean argitaratutako albistea.
- Giza Eskubideen eta Herrien Eskubideen Afrikar Batzordearen webgunea.
Argazkiak:

Lotutako albisteak