Ertamerikako erbestea eraikuntza demokratikoan subjektu politiko gisa aztertzen duen ikerketa aurkeztu dute

Data: 2026(e)ko Ekainak 26

Ekainaren 18an “Ertamerikako erbestearen profila eta demokraziaren aldeko horren ekarpena: potentzialitateak, mugak eta dilemak” izenburuko mintegi-formatuko ikerketa aurkeztu zuen Alex Segovia ikertzaileak koordinatutakoa; ekonomilaria, Red Iniciativa Centroamérica (RED ICA) koordinatzailea eta Universidad de Loyola Andaluciako (Fundación ETEA) irakaslea dena.

Ekitaldia Hegoa Institutuak eta Euskal Herriko Salvadortar Batzordeko Kuska Sareak elkarlanean antolatu zuten, “Giza Eskubideen urraketen biktimen egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak” proiektuaren barnean. Halaber, Irantzu Mendia Azkue Hegoako zuzendariak, Ainhoa Zugasti Bilbao Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariak eta Rudy Joya Kuska Sarea erakundeko kideak parte hartu zuten jardunaldiari irekiera emateko lehen hitzetan.

Hitzaldian, Alex Segovia ikertzaileak Ertamerikako erbestearen ezaugarri nagusiei buruzko begirada historikoa eskaini zuen, iraganetik gaur egunera arteko ibilbidea eta etorkizunerako proiekzioa jorratuz. Ibilbide horretan, erbesteak eskualdeko prozesu demokratikoetan betetzen duen zeregin politikoa nabarmendu zuen, baita nazioarteko lankidetzak eta akademiak giza eskubideen, demokraziaren eta erbesteratzeen defentsan egin dezaketen ekarpena ere.

Aurkezpenaren ondoren, elkarrizketa-gunea irekita, Kuska Sareko Ramiro Navas kideak Ertamerikako erbestearekin lotutako esperientzia pertsonala eta artikulazio kolektiboen eragina partekatu zituen, aurkeztutako ikerketaren ikuspegiekin bat eginez.

Jardunaldiari amaiera emateko, berturatutakoen artean, bereziki hunkigarria izan zen Mirna Pacheco eta Enrique Vásquez Kuska Sareko kideen parte-hartze artistikoa.

Lotutako albisteak