Itziar Mujika Chao eta Linda Gusia: elkartasun feministaren iraunkortasuna gatazka armatuetan, gerretan eta bake-prozesuetan

Data: 2026(e)ko Uztailak 22

Itziar Mujika Chao (Hegoa, EHU) eta Linda Gusia (Pristinako Unibertsitatea) ikertzaileek aztergai bera izan dute urte askoan: Kosovoko emakumeen eta aktibista feministen mugimenduak 1980 eta 1990eko hamarkadez geroztik, aldi hartan Serbiako gobernuaren eta indar armatuen indarkeria sistematikoa areagotu egin baitzen. Campusa aldizkariak duela gutxi argitaratutako «Genealogia feministen continuum artikuluan biak gogoetatu dira ea nola den posible krisi-une hauetan gerretatik ikastea eta feministek testuinguru horietan zer eginkizun duten.

Bi ikertzaileek azaldu dutenez, jatorri eta ibilbide oso bestelakoak izanagatik ere, antzeko galderak egiten zituzten. Lindak —albaniarra— indarkeria sistematikoa eta gerra zuzenean bizi zituen, eta ikergai zituen mugimendu feministen kide zen. Itziar —euskalduna— ikerkuntzatik gerturatu da Kosovoko testuinguru eta gerrara, bai eta mugimendu feministara ere. Bien ikerketa-prozesuek, 2014tik, elementu komun sendoa zuten: elkartasun feministaren iraunkortasuna gatazka armatuetan, gerretan eta bake-prozesuetan.

Nabarmendu dutenez, «jakin-min feminista apur bat»ek «agerian jartzen ditu generoak desitxuratutako errealitatearen irudi bat sortzen duten botere-mekanismo sustraituak, sareak eta sistemak, eta arraza- eta klase-egiturek iraunarazi egiten dituzte». Kosovoren kasuan, adibidez, mugimendu feministak 1990eko hamarkadako erresistentzia bakezalean parte hartu zuen, han izan zen gerra piztu zenean, NATOren esku-hartzearen ondorioak pairatu zituen, «eta berriro egituratu zen gerraren ondoren eta berreraikuntza-prozesuaren erdian, zeinak tradizioetara itzultzea ekarri baitzuen».

Emakumeak sexu-indarkeriaren biktima gisa eta gerra-arma gisa jasandako erabileraren gaia ez ezik, ikertzaileek azaldu dute azterketek eta komunikabideek arreta batez ere alderdirik agerikoenean jarri zutela; alegia, gerraren giza kostuan eta NATOren esku-hartzearen ondorioetan. «Alabaina, errealitatea ere bestelakoa zen, xehetasun handiagokoa», esan dute, «eta eguneroko bizitza itxuratzen zuten elkarri lotutako askotariko indarrak barne hartzen zituen: gerra aurreko estatu-indarkeria sistemikoaren ondorioz eta hari erantzuteko sortu zen mugimendu feminista, eta konstante bat izan da Kosovoko testuinguru soziopolitiko guztietan». Aberastasun hori gorabehera, estereotipo jakin batzuek diraute oraindik, hala nola Kosovoko emakumeak antzinako Jugoslaviaren mende zeuden subjektu «atzeratu»tzat hartzea, eta mugimendu feminista «gerraosteko produktu bat» zela adieraztea.

Hasiera batean, emakumeak antolatzen hasi ziren semeei gertatu zitzaienagatik justizia eskatzeko, «hilkutxetan itzultzen baitzituzten Jugoslaviako armadan sartzeko etxetik joan ondoren». Pixkanaka, aktibismo feministak eguneroko biziraupena eta sare solidarioen etengabeko sorrera izan zituen bereizgarri. Horren adibide da Emakumeak eta Haurrak Babesteko Zentroa, zeina Sevdije Ahmeti eta Vjosa Dobruna feministek sortu baitzuten: «han, emakume eta haurrei zerbitzu medikoak emateaz gain, mobilizazio handiagoak ere antolatzen ziren sotoan, eta nazioarteko loturak sortzen zituzten beste emakume batzuekin».

Itziar Mujika Chaok eta Linda Gusiak azpimarratu dutenez, «elkartasun feminista zabaldu egin da —eta oraindik zabaltzen ari da—», «hainbat sareren bitartez eta toki askotan; erresistentzia feministaren continuumak hor dirau: bukatu gabea eta etengabea».


Informazio gehigarria

Itziar Mujika Chao EHUko Politika eta Administrazio Zientzien Saileko irakaslea da, eta Hegoa Institutuko kidea.

Linda Gusia Soziologiako irakaslea da Pristinako Unibertsitatean (Kosovo).

Esteka honetan irakur dezakezu artikulu osoa.

Argazkia: Linda Gusia eta Itziar Mujika ikertzaileak. | Mitxi, EHU.