Data: 2021(e)ko Abenduak 10

Bi aste Euskadin, Madrilen eta Kantabrian, giza eskubideen urraketen, hilketen eta mehatxuen aurrean erakundeak babesteko gaitasunak indartzeko Caucako iparraldean

Azaroaren 20tik abenduaren 3ra bitartean, Caucako iparraldeko (Kolonbia) indigenen, afrokolonbiarren eta nekazarien erakundeetako hamabi liderren bisita izan dugu Bilbon. Bi astez izan dugun agenda bete-beterik egon da, babes kolektiboko mekanismoei, alerta-ekintza goiztiarreko sistemei eta giza eskubideen defentsari buruzko prestakuntza-jarduerez, eragin politikoko jarduerez eta komunikabideetako esku-hartzeez.

Zazpi emakumek eta bost gizonek parte hartu dute, Kabildo Indigenen Elkartekoek (ACIN), Kontseilu Komunitarioen Elkartekoek (ACONC), ANUC nekazarien elkartekoek, Toribio eta Tacueyó Nasa Proiektukoek, indigenen eta esklabo iheslarien guardiako koordinatzaileek, Caldonoko Kabildoen Elkartekoek, ACINekoek eta ACONCekoek. Akonpainamenduan, Cauca Iparraldeko Saiakuntzen Korporazioak parte hartu du, funtsezkoa baita Hegoarekiko koordinazioan eta programan arrakasta lortzeko.

Segurtasunerako eta babeserako prestakuntza

Giza eskubideetako eta babeseko aditu Enrique Egurenek bi saio eman zituen "Alerta eta ekintza goiztiarreko sistemak, babes- eta segurtasun-mekanismoak" gaiari buruz, eta "Babes-, segurtasun- eta eragin-estrategiak eraikitzen" izeneko bat. CEVeko ordezkari Carlos Martín Beristainek "Latinoamerikako babes-estrategiak, -esperientziak eta -mekanismoak; Kolonbiako egoera eta Egia Argitzeko Batzordean egindako lana" jorratu zuen.

Prestakuntza-programa honako saio hauekin osatu zen: "Emakumeen aurkako indarkeria eta justizia trantsizionala", Hegoako zuzendari Irantzu Mendiaren eskutik; "Giza eskubideen nazioarteko sareak eta babes-programak", Claudia Alejandra Sepúlvedaren eskutik (CEV - Hegoa), eta "Lurraldeko bakea eraikitzeko prozesua", Karlos Pérez de Armiñok koordinatuta (Hegoa-UPV/EHU).

Eragin politikoa bake-prozesuan aurrera egiteko

Instituzioek, bakoitzak eragiteko dituen aukeren arabera, berebiziko garrantzia izan dezakete Kolonbian bakea eraikitzeko prozesuan aurrera egiteko. Horregatik, aste hauetan, taldeak bere egoera, beharrak eta proposamenak azaldu zituen instituzio hauen aurrean: Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietako lankidetza-zuzendaritzak, Lankidetzarako Euskal Agentzia eta Kantabriako Gobernuko Lankidetza Zuzendaritza. Madrilen, taldeak bilera egin zuen Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Andeetako Herrialdeen Sailarekin eta Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren Giza Eskubideen Bulegoarekin.

Halaber, bilerak egin ziren Eusko Legebiltzarrean (Gasteiz) Kolonbiarako Giza Eskubideen Taldeartearekin eta Madrilgo Diputatuen Kongresuko Lankidetza Batzordearekin. Donostian eta Bilbon ere elkartu ahal izan ginen Kolonbian bake-prozesua bultzatzeko lanean ari diren giza eskubideen eta lankidetzaren aldeko beste erakunde batzuekin.

Programa hau Hegoa Institutuak (UPV/EHU) antolatu du, Lanki Institutuarekin (Mondragon Unibertsitatea) eta Universidad Javeriana de Caliko (Kolonbia) Saiakuntzen Korporazio eta Kulturarteko Ikasketen Institutuarekin batera. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEA) laguntza izan du, Lurraldeko bakea eta eredu ekonomiko alternatiboak eraikitzeko gizarte-eragileak indartzea, euskal esperientziarekin hitz eginez (PRO19K2-003) proiektuaren barruan.

Berri gehiago