60 urteko Blokeoa. Nazio Batuek 30 kondena. Kuba bai! Blokeoari ez!
Data: 2022(e)ko Urriak 03
Euskadiko GGKE-en Koordinakundek jakinarazpen honekin eta ekintza honekin egin du bat:
"Iragan otsailean bete ziren 60 urte Amerikako Estatu Batuek Kubaren kontrako salerosketa, ekonomia eta finantza blokeoa martxan jarri zutenetik. Honen harira, Nazio Batuen Asanblada Orokorrak datorren azaroan berriz ere exijituko du, ia aho batez, blokeo horren amaiera. Eta 30. eskaera izango da; hogeita hamargarrenez entzungor Etxe Zuria.
Gaur egun, 243 zigor-arau berri bizkar gainean eta pandemiak turismoa geldiarazi duelarik, kubatar herria oso egoera larriari aurre egin beharrean aurkitzen da, elikagai, botika eta argindar falta nabariaren ondorioz.
Joe Bidenen Gobernuak hauteskunde kanpainako bere promesa hautsi du, hitz eman baitzuen Trumpen politikari buelta emango ziola. Are okerrago, Washington sare sozialen bidezko bonbardaketa finantzatzen ari da, Kubak bizi duen estutasuna gehiago estutzeaz bat herri protesta orokorrak pizteko asmoz, kubatar gobernuaren aurkako altxamendu baten bila.
Bere bidetik, europar eskuina eta ultraeskuina, oro bat, lanean ari da Kuba eta Europar Batasunaren arteko Elkarrizketa eta Kooperazio Akordioa apurtzeko eta zigorren arora itzultzeko; etenda zegoen Kubaren kontrako Posizio Bateratuaren garaietara itzultzeko.
Estrategia horren parte dira azkenaldiko presio jarduera desberdinak: presio politikoa, mediatikoa, judiziala eta ekonomikoa. Eta ez Kubaren aurka bakarrik, baita kubatar migranteen elkarteen eta Kubarekiko elkartasun-elkarteen kontrako jarduerak ere.
Hemen Euskal Herrian, elkarte, sindikatu eta alderdi anitz gara honakoa exijitzen dugunak: politika kriminal horren amaiera. Hamaika milioi kubatarren eskubideen kontrako bortxakeria nabarmen, orokor eta sistematikoaren amaiera exijitzen dugu.
Horregatik, Kubarekiko elkartasuna eta Blokeoarekiko salaketa aldarrikatzera deitzen zaitugu: Urriaren 9an, igandea, 12:00etan kontzentrazio jendetsua Bilboko Udaletxe aurrean. Eta horren aurretik, itsas bidaia errebeldea, Orlis Pinedaren kubatar musikaz blai. Barkuan leku hartzeko aurretiaz eman behar da izena. Informazio osoa jasotzeko jarri harremanean e-posta bidez, bilbo@euskadicuba.org (izen-abizenak, telefonoa eta, nahi baduzu, ordezkatzen duzun erakundearen izena zehaztu).
Mobilizazio egun honen bidez emango diogu amaiera asteburu berean Bilbon egingo diren Kubatar Migrante Abertzaleen arteko VI. Topaketei. Beraz, topaketako kubatarrak batuko zaizkigu kontzentraziora eta itsas bidaiara".
Info gehiago orri honetan.
Gaiak
Lotutako albisteak
"Gender Issues" eta "Postcolonial Studies": bi aldizkari espezializatu berri Hegoaren Hemerotekan
Data: 2024(e)ko Uztailak 29
Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Prestakuntza Espezializatuko Ikastaroaren bigarren edizioa
Data: 2024(e)ko Uztailak 10
Caucako erakunde komunitarioen plataformaren produkzio-ekimenetarako prestakuntza eta laguntza teknikoa
Data: 2024(e)ko Ekainak 28