Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Euskal erakunde publikoek 81 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten 2022an Hegoko herrialdeetan elkartasun ekimenetara

Data: 2023(e)ko Irailak 28

2022an, garapenerako lankidetzako euskal erakunde publikoek 1.189 ekimen babestu zituzten 68 herrialdetan, baita Euskadin ere. Guztira, 81.3 milioi euro bideratu zituzten, 228 GGKEk eta herrialde pobretuetako 335 erakundek kudeatuta. Zenbaki horien xehetasunak eskuragarri daude Euskal Lankidetza Publikoaren Atarian argitaratu berri den Euskal Lankidetza Zenbakitan 2022 txostenean.

Txostenak lehen aldiz aztertzen du lankidetzako euskal erakunde publikoen 2030 Agendari egindako ekarpena. Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJHri) egindako ekarpen nagusiak izan ziren genero berdintasunari −GJH 5, el % 20−, desparekotasunak murrizteari −GJH 10, el % 16−, eta bakea, justizia eta erakunde sendoei −GHJ 16, ia % 16a−.

Eskualdeei dagokionez, 2022an, Mexikok, Erdialdeko Amerikak eta Karibek ia funtsen % 30 jaso zuten, eta Hegoa Amerikak eta Saharaz Hegoaldeko Afrikak, berriz, % 23 inguru. Guatemala, Kolonbia, El Salvador eta Peru izan ziren euskal elkartasunaren hartzaile nagusiak. Euskadi izan zen bosgarren diru-hartzailea, hezkuntza ekimenei eta ukraniarrei berton emandako babesari esker. Finantzatzaile nagusia Eusko Jaurlaritza izan zen, pertsona eta familia errefuxiatuentzako laguntza ekonomikoen programak, harrera-sareak eta laguntza psikosoziala abian jarri baitzituen.

Modalitateen arabera, ordaindutako 81.3 milioi euroetatik % 60 nazioarteko garapenerako lankidetzako ekimenetara bideratu zen, eta % 21 ekintza humanitariora eta larrialdiko jardueretara krisi humanitarioan dauden biztanleei laguntzeko. Funtsen ia % 11 −8.8 milioi euro− gizarte-eraldaketarako hezkuntza ekintzetara bideratu ziren, Euskadin. Prestakuntza eta sentsibilizazioa landu diren gehien, eta kasuen ia erdietan hezkuntza informalaren esparruan gauzatu ziren.

Gardentasunerako ekimen bateratua

Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria erakunde arteko ekimena da. Bertan, Eusko Jaurlaritzako eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, hiru foru aldundiek, Euskadiko hiriburuetako udalek eta Euskal Fondoak parte hartzen dute, eta Euskal Unibertsitateko (UPV/EHUko) Hegoa Institutuko laguntza jasotzen du.

Tresna horri esker, zortzi erakundek babesten dituzten elkartasunerako ekimenak ezagutu daitezke; izan ere, horiek dira Euskadin garapenerako lankidetzako, ekintza humanitarioko eta larrialdietako eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza jardueretara funts gehien bideratzen dituztenak.


Izenburua: La cooperación vasca en cifras 2022 / Euskal lankidetza zenbakitan 2022 / Basque development cooperation in figures 2022
Egilea: Portal de la Cooperación Pública Vasca / Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria
Lekua eta data: Vitoria-Gasteiz, 2023
Hizkuntzak: Español, euskara, inglés

Txosten hau Euskal Lankidetza Publikoaren Atarian.