Pentsamendu kritikoak
Garapenari buruzko azterlan kritikoak eta alternatibak eraikitzeko gizarte-mugimenduetatik datozen proposamen emantzipatzaileak elkarrizketan jartzen ditugu.
Pentsamendu kritikoak
Zenbait urtetatik hona, garapenari buruzko hausnarketa kritikoa kale itsu batean dago, nolabait. Kritika teknikoak egiaztatzen duenez, zazpi hamarkadaz garapen-proposamenak egin ostean, badirudi arazo teknikoak ez direla konpontzen. Kritika politikoak boterearen logika, dinamika eta instituzioak ditu aurrez aurre, horietan eragina izateko ahalmenik gabe. Eta kritika onto-epistemologikoa mendebaldeko modernitatearen funtsezko oinarriak problematizatu eta kuestionatzen ditu, baina alternatiba egituratzea oztopatzen duen ikuspegi batetik.
Lan-arlo honetan, elkarrizketa sortu nahi dugu garapenari buruzko azterlan kritikoen (azterlan postestrukturalistak eta dekolonialak, feministak eta ekonomia kritikotik datozenak, beste batzuen artean) eta gizarte-mugimenduetatik datozen proposamen askatzaileen artean, alternatiba horiek eraikitzeko estrategia gisa.
Ikerketa ildoak
Lankidetza eraldatzailea
Nazioarteko lankidetza modu kritikoan berraztertzearen aldeko apustu bat da, erakunde ofizialek bultzatua. Lankidetza horren logikak eta dinamikak aldatzeko aukera aztertzen dugu, inpaktu emantzipatzailea lortu ahal izateko pertsona eta herriengan. Mugimendu sozialekiko egituraketa eta feminismotik, internazionalismotik eta hezkuntza emantzipatzailetik eratzen diren esperientziak estrategia interesgarriak dira lankidetza eraldatzaileko prozesuetarantz abiatzeko.
Posgarapena eta Bizitze Ona
Guztien artean garapenaren diskurtsoari erantzun diezaiokeen paradigma gisa agertzen diren proposamenak ikertzen ditugu, garapen hori kulturak eta ekosistemak hondatzen dituen enpresa inperialista eta ekonomizista delakoan. Bestelako bizimoduen legitimazioa errebindikatzen ditugu, haien izateko, egoteko eta jakiteko forma anitz eta askotarikoekin. Alde horretatik, Abya Yalako Sumak Kawsayaren moduko proposamenak ikertzen ditugu, edo Europako mugimendu dekrezentistatik datozen proposamenak.
Feminismoak
Feminismoak inspirazio-iturri bat dira pentsaera kritikorako. Gizona edo emakumea izateari buruzko definizio hegemonikoa kuestionatzera daramaten dekonstrukzio-prozesuen alde egiten dugu, eta zapalkuntza eta pribilegioa mundua aztertzeko forman azaleratzen dituzten estrategiak bilatzen ditugu.
Iraunkortasun ekologikoa
Ekonomia ekologikoaren proposamenetatik abiatuta, ingurune naturalarekiko harreman sozioekonomikoak aztertzen ditugu iraunkortasunaren ikuspuntutik, ekonomia konbentzionala eta garapen-eredu hegemonikoa kritikatuz. Horretarako, sistema sozio-ekologikoen iraunkortasuna ahalbidetzen duten proposamen alternatiboak ikertzen ditugu; azterketa-eredu alternatiboak proposatzen ditugu, hala nola irizpide sozial anitzeko ebaluazioa, sistemen dinamika eta bizi-ziklo sozialaren azterketa; eta sakonago aztertzen ditugu trantsizio energetiko demokratikoa lortzeko aukerak.
Tokiko giza garapena
Tokiko giza garapenak proposatzen du lurraldetik pentsatzea eta jardutea proiektu kolektiboak eraikitzeko, pertsonengan oinarrituta –pertsonak banaka eta kolektiboki kontsideratuta-. Tokiko gizarteen protagonismoa planteatzen du euren garapenaren bilaketan eta behetik gorako globalizazio baten sorreran. Ildo horretan sortzen ari diren askotariko ekarpen teoriko eta praktikoak jasotzen ditugu, PNUDen aldetik, gogoeta akademikoaren aldetik eta giza garapenaren sustapenaren alde lan egiten duten gizarte-mugimendu eta instituzioen aldetik.