Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Justizia Juan Lópezentzat eta Hondurasen lurra defendatzen duten guztientzat!

Data: 2024(e)ko Urriak 04

Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak ingurumeneko defendatzailea eta Tocoako Ondasun Erkide eta Publikoen Udal Batzordeko (CMDBCPT) koordinatzaile izandako Juan Antonio Lópezen hilketa gaitzesten duen Alboanen jakinarazpenarekin bat egin du. Jarraian, hemen osorik irakur daitekeen komunikatua laburbilduko dugu.

“Atsekabe eta sumin handiz, Euskadiko GGKE-en Koordinakundean indarrez salatzen dugu ingurumeneko defendatzaile eta Tocoako Ondasun Erkide eta Publikoen Udal Batzordeko (CMDBCPT) koordinatzaile izandako Juan Antonio Lópezen hilketa. Tocoako udalerriko errejidore izateaz gain, Juan López Guapinol eta San Pedro ibaiak eta Montaña de Botaderos Parke Nazionala defendatzeagatik nabarmendu zen, baita Emco Holdings-Los Pinares-Ecotek enpresaren erauzketako megaproiektuaren aurka egiteagatik ere.

Juan Lópezen hilketa sare kriminalen indarkeria- eta zigorgabetasun-mailaren isla argia da. Sare horiek enpresa-sektore eta sektore politiko ustelekin lotuta daude. Krimen hori ez da zerbait isolatua, baizik eta Hondurasen lurra defendatzen duten hainbat pertsonaren hilketa-zerrenda luze baten parte: 2023an soilik 18 ingurumen-aktibista hil ziren. Krimen horiek ezin dira zigorrik gabe geratu.

Guapinol ibaia

Ez da lehen aldia Guapinol ibaia defendatzen duen norbait hiltzen dutela: Jairo Bonilla Ayala eta Aly Magdaleno Domínguez Ramos 2023ko urtarrilaren 7an hil zituzten. Agintariek oraindik ez dituzte identifikatu haiek hil zituzten erantzule guztiak.

Juan López hil eta bost egunera, La Ceibako Apelazioen Bigarren Gorteak atzera bota zuen Guapinol kasuan auzipetuta zeuden ondasun erkide eta publikoen bost defendatzaileen prozedura behin betiko artxibatzeko agindua. López bera zen defendatzaile horietako bat. Gertaera hori ez da kointzidentzia, eta agerian uzten du erauzketako megaproiektuei aurre egin eta bertako komunitateen eskubideak babesten dituztenek bizi duten jazarpen-giroa. Une honetan, defendatzaile horien prozedura artxibatzeko agindua atzera botatzeak esan nahi du haien kriminalizazio-prozesua berriro aktibatuko dela, eta horrek are gehiago larriagotzen du kasu honen injustizia- eta zigorgabetasun-egoera.

Gure elkartasuna adierazi nahi diegu Juan Lópezen senideei, CMDBCPT batzordeko kideei eta, arriskutsua izan arren, bizitza eta justizia defendatzen jarraitzen duten pertsona eta komunitate guztiei. Bat egiten dugu Juan Lópezentzat berehalako justizia egitea eta zigorgabetasunari amaiera ematea eskatzen duten guztiekin.


Jakinarazpen osoa irakur dezakezu Euskadiko GGKEen Koordinakundearen webgunean.