Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Giza eskubideen artxiboak kudeatzea eta horrek zer ahalmen duen indarkerien zigorgabetasunari aurka egiteko Kolonbian

Data: 2024(e)ko Urriak 21

Urriaren hasieran, «Giza eskubideen artxiboen kudeatzaileak trebatzea. Erbestea, insilioa eta itzulera» ikastaroa egin zen Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko). Hegoak antolatu zuen, Kolonbiako Memoria Historikoaren Zentro Nazionalaren laguntzarekin.

27 pertsona kolonbiar erbesteratu eta migratuk parte hartu zuten prestakuntzan. Horiek denak munduko herrialde askotan bizi dira (Alemania, Belgika, Txile, Estatu espainiarra, Ameriketako Estatu Batuak, Italia, Frantzia, Norvegia, Panama eta Suedia, bestak beste). Urriaren 1etik 4ra bitartean egin zen prestakuntza, eta Myriam Loaizak eta Gilberto Villak eman zuten. Lehena ondasun higigarrien zaharberritzailea da eta, gaur egun, memorializaziorako lanak egiten ditu Bakerako Jurisdikzio Berezian; bigarena, berriz, Kolonbiako Memoria Historikoaren Zentro Nazionaleko Giza Eskubideen Artxiboen zuzendari teknikoa da.

Giza eskubideen artxiboetako profesionalen eskarmentuari esker eta ikastaroan parte hartu duten pertsonek artxibo pertsonalak, komunitatearenak eta familiarenak kudeatzen izan duten ibilbideari berari esker, giza eskubideen artxiboen segurtasunari eta babesari buruz hausnartu zuten parte hartzaileek.

Gainera, artxiboak eskuratzeari eta irekitzeari buruz ere eztabaidatu zen, kontuan izanik zer onura eta arrisku dituen horrek oraindik ere jarraitzen duen gatazkaren testuinguruan. Horrez gain, hizpide izan ziren erakundeek giza eskubideen artxiboak erabiltzeari dagokionez egin dituzten estrategiak. Pairatutako eskubide-urraketak salatzea, intzidentzia politikoa egitea edo erbestea biktimizazio gisa ikusaraztea izan daitezke erabilera horiek.

Ikastaroan, giza eskubideen defentsan artxiboak kudeatzeko tresna berritzaileak eskaini ziren eta, horrez gain, mota horretako artxiboek Kolonbiako gatazkako biktimizazioen zigorgabetasuna desagerrarazteko duten intzidentzia politikoari buruz eztabaidatu zen.

«Egia argitzeko, bizikidetzarako eta ez errepikatzeko Kolonbiako Batzordearen legatua babesteko Erbeste Sarea indartzea» proiektua Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak finantzatu du, eta jarduera hau, bada, proiektu horren barruan dago.



Argazkiak: