Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Andrés Herrera Lankidetza eta Hezkuntza Askatzailea online masterreko irakasleak graduondo honen potentzialtasunei buruz hitz egin digu

Data: 2025(e)ko Uztailak 28

Andrés Euskal Herriko Unibertsitatean Garapenari buruzko Ikasketetan doktorea eta Hegoa Institutuko langilea da, eta «Garapena eta lankidetzaren gaineko eztabaidak» irakasgaian irakasten du. Elkarrizketa honetan online master honi buruz gehien baloratzen duenari buruz galdetuko diogu. 

Hegoa: Orain da aurretiko izen-ematea egiteko eta matrikulatzeko garaia, zu zergatik animatuko zinateke master hau egitera?

Andrés: Oinarrizko bi zutabetan oinarritzen delako (Nazioarteko Lankidetza eta Hezkuntza Askatzailea) eta uste dudalako bi tresna horiek (metodologiak, metodoak edo hurbilketak ere dei geniezaieke) aukera emango dietela masterra egiten dutenei munduaren funtzionamendua ulertzeko, hots, naturaren aurka doan sistema kapitalista, heteropatriarkal eta eurozentriko hau ulertzeko. Ikasleek ikuspegi horiek dituen prestakuntza izango dute, ikuspegi kritikoa duena eta mundua ulertzen lagunduko diena, bai maila globalean, bai lurraldeka, tokian-tokian. Eta, bereziki, hori aldatzen saiatzeko tresnak lortuko dituzte. 

Hegoa: Zer potentzial dute master honetako edukiek?

Andrés: Askotariko edukiak daude. Hainbat gai jorratzen dira, hala nola globalizazio neoliberala, garapenaren eta lankidetzaren inguruko eztabaida, genero-ikuspegia, trantsizioen diskurtsoak, nazioarteko lankidetzarako politiken agendak, gizarte-aldaketako gaiak eta hezkuntza askatzailerako didaktikak eta ekintza-espazioak. Horiek guztiak funtsezko tresnak dira mundua eraldatzen saiatzeko. Edukiak orokorrenetik zehatzenera doaz. Nik, adibidez, «Garapena eta lankidetzaren gaineko eztabaidak» irakasgaia ematen dut Iker Etxano irakaslearekin batera. Irakasgai horretan hainbat gai jorratzen dira, hala nola garapena eta haren jatorriak, Giza Garapenaren ikuspegia ikuspuntu kritiko batetik, jasangarritasunaren eta garapenaren gaia, lankidetzaren inguruan sortu diren agendak (hala nola MGHak eta egungo 2030 Agenda).

Hegoa: Zein da masterraren dinamikaren indargune nagusia?

Andrés: Abantaila bat du: birtuala da, eta, hori dela eta, ikasle bakoitzak bere erritmoan egin dezake. Dena den, kronograma bat ezarri da, noski, edukiak eta ebaluazioak bete ahal izateko. Hala ere, pertsona bakoitza bere beharren arabera antola daiteke.

Hurrengo edizio honetatik aurrera, gainera, master osoa egin daiteke, edo modulu bakar bat egin: Nazioarteko Lankidetza edo Hezkuntza Askatzailea. Hala, espezializazio-titulu bat lortzen duzu. Modulu bakar batean izena ematen baduzu baina gero master-titulua lortzea erabakitzen baduzu, beste modulua ondoren egin dezakezu.

Hegoa: Zein dira irakasleen potentzialtasunak?

Andrés: Masterra hainbat irakasgaitan banatuta dago, eta horietako bakoitzean ikasleak etengabe gidatzeaz arduratzen diren irakasleak daude. Foroak eta zereginak proposatzen dira, eta Master Amaierako Lan bat ere egiten da. Lan horretan, ikasle bakoitzak bere intereseko gai batean sakondu dezake, lagunduta.

Hegoa: Gainera, berezko titulua denez, unibertsitateko irakasleak ditugu, baina bai eta hainbat gizarte-erakundetakoak ere. Azkenik, master honek dituen lan-irteera nagusiak zein diren galdetu nahi genizun.

Andrés: Hala gradu bat amaitu berri duten pertsonek nola dagoeneko lanean ari diren hainbat arlotako profesionalek egiten dute. Masterrean ikasitakoa zuzenean erabil daiteke, bereziki gobernuz kanpoko erakundeetan eta lankidetza- eta hezkuntza-gaiak lantzen dituzten erakunde publikoetan, baina pertsona bakoitzak irteerak aurkitu ditzake bere lanbidean eduki, ikuspegi eta ikaskuntza horiek aplikatuz.

Hegoa: Eskerrik asko, Andrés, graduondo honi buruz deritzozuna adierazteagatik. Eta harekin duzun konpromisoagatik.

Andrés: Eskerrik asko, berdin. Interesa duten guztiak matrikulatzera animatzen ditut!


Masterrari buruz gehiago jakin nahi baduzu, ikusi  UPV/EHUko webgunea. Aurrez izena emateko online plataforman sartu.