Trantsizio ekosozialeko eta ekonomia sozial eta solidarioko prestakuntza eta esperientzia-trukea Ekuadorko erakunde andetarren artean
Tokiko testuinguru desberdinetako askotariko esperientziak izan dira, baina trantsizio ekosozialerako ikaspen baliotsuak lortu dira guztietan: erlezaintza-esperientzia eta ingurunearen zaintza Chaco guaranian (Bolivia); Juníngo (Peru) erdialdeko oihaneko kafe- eta kakao-kooperatibak; aliantza nasa indigenen komunitate-erakundeen eta bake-sinatzaileen kooperatiben artean; Cayambeko Ekoizle Agroekologikoen Kontseilu Kantonala eta Sur-Siendo Redes y Sabores de Quito kontsumo-kooperatiba (Ekuador).
2024ko urriaren 19tik 27ra bitartean, arestian esandako erakundeen ordezkariek prestakuntza hobetu dute trantsizio ekosozialen nahiz ekonomia sozial eta solidarioaren (ESS) arloan Ekuadorren egindako zenbait jardueraren bitartez. Quitoko zenbait erakunde lankidetzan aritu dira, orobat, hala nola Maquita Cushunchic (MCCH), FEPP taldea, Codesarrollo kooperatiba eta Camari dendak, baita Ekuadorko Unibertsitate Zentrala (UCE) ere.
Prestakuntza-saio horietan parte hartu dute Boliviako sei pertsonak, Ekuadorko hamaikak, Peruko seik, Kolonbiako zazpik eta Euskal Herriko bik. Orotara, 32 lagunek hartu dute parte (21 emakume eta 11 gizon).
Taldeak bertako bestelako ekimen produktibo eta sozialak ere ezagutu ditu prestakuntzetan, baita haien ekoizte-, eraldatze- eta merkaturatze-prozesuak ere. Ekimenon artean Guarandako gatzagak nabarmentzen dira; alegia, ekonomia sozial eta solidarioaren arloko kantoi enblematikoan.
Proiektua
Ekimen hau Hegoa (UPV/EHU) institutuak bultzatutako lankidetza-proiektua da, eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak babestuta: «ESSren tokiko ekosistemetan gaitasunak eta aliantzak indartzea, eskualde andetarreko lurraldeetako trantsizio ekosozialetan laguntzeko».
Testu honetan azaldutako jardueraz gain, proiektuak bestelako prestakuntzak ere hartu ditu barne 2023 eta 2024an, lurraldeetan eta herrialdeen artean. Online antolatzeko guneak eta aurrez aurreko bestelako topaketak antolatu dira, eta ikerketa-prozesuari ekin zaio, halaber, Andeetako eskualdeko esperientzia jakin batzuen trantsizio ekosozialaren ahalmenen gainean. Azterketa horren emaitzak sistematizatzeak honako liburu hau ekarri du: Transiciones ecosociales desde experiencias de Economía Social y Solidaria en Bolivia, Colombia, Ecuador y Perú (Hegoa, 2024).
Argazkiak:
-