Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Erdialdeko Amerikarekiko 27 urteko unibertsitate lankidetzaren memoria

Data: 2024(e)ko Abenduak 20

Ikerketak, argitalpenak, kultur jarduerak, prestakuntzak, kongresuak, maisutzak eta graduondokoak: Alcaláko Unibertsitatearen (UAH) Erdialdeko Amerikarekiko Lankidetza Programak Latinoamerikako hainbat unibertsitaterekin elkartasuna eta elkarlana bultzatu zuen 27 urtez, arazo globalen inguruko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa sustatuz.

Iraultza sandinistak sortutako sinpatia uholdearen babesean, Espainiako eta Europako hainbat unibertsitatek Nikaraguako unibertsitateekiko lankidetzarako esparru hitzarmenak sinatu zituzten joan den mendeko laurogeiko hamarkadaren amaieran. UAHren kasuan, abiapuntua 1988an Nikaraguako Unibertsitate Nazional Autonomoarekin (UNAN León) sinatutako hitzarmen bat izan zen.

Programa honek, hasieran, erronka hauek izan zituen: bi aldeentzat ezezagunak ziren errealitate oso desberdinetatik "kooperatzen ikastea” eta horretarako prest zeuden pertsona "kooperante" solidarioen talde egoki bat biltzea. Gainera, finantzaketa iraunkorra behar zen.

Hainbat urtetako lanaren ondoren, Nikaraguarekiko hasierako lankidetzak Erdialdeko Amerikako Gizarte Campusa eta GIRA sarea (Erdialdeko Amerikako Garapenerako Lankidetzaren Unibertsitate arteko Sarea) sortzea ekarri zuen. Ekimen horren bidez, Erdialdeko Amerikako eskualdearen giza garapenaren arazo komunei aurre egiteko gaitasunak sortu nahi ziren, bereziki eta lehentasunez, gizarte sektore ahulenen eta baztertuenen arazoei.

UAHren Erdialdeko Amerikarekiko Lankidetza Programaren argitalpenen artean, lan hauek nabarmentzen dira: Si yo te contara... Nicaragua en la mirada de los universitarios de Alcalá (2004), Se hace camino al andar o Aprendiendo a cooperar entre universidades del Sur y del Norte (2005) eta Caminos de solidaridad universitaria (2008). Guztira hamaika argitalpen egin dira ekimen horren bidez. Oraingoz, formatu fisikoan bakarrik kontsultatu daitezke (paperean edo CDan), Hegoaren Dokumentazio Zentroan. 

Hegoako kideok programa honetako lantaldearen konfiantza eskertu nahi dugu, eta haien argitalpen esanguratsuenen albazea ez ezik, lankidetza eta elkartasun ibilbide baliotsuarena ere izatea espero dugu.

Erdialdeko Amerikarekiko Lankidetza Programa bezala, Hegoaren jaiotza ere Nikaraguarekiko elkartasun uholdeari lotuta egon zen. 37 urte hauetan, lankidetzak eboluzionatu egin du, gaur egunera arte. Gauza batzuetan akatsak egin ditugu, beste batzuetan asmatu dugu, baina pertsona guztientzat mundu bidezkoagoa eta bizigarriagoa lortzeko helburuari eutsi diogu.


Informazio gehiago: