Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Hegoa Institutuak lehendabizikoz egindako Behartutako Desagertzeen Mundu Biltzarrean parte hartu du

Data: 2025(e)ko Urtarrilak 29

Iragan urtarrilaren 15ean eta 16ean, Suitzako Geneva hirian egindako Behartutako Desagertzeen Mundu Biltzarrean parte hartu zuen Hegoa Institutuak. Lehendabizikoz egindako biltzarra honako erakunde hauek antolatu zuten elkarrekin: Behartutako Desagertzeen Aurkako Nazioarteko Konbentzioa (CEDI) bultzatzeko ekimena, Behartutako Desagertzeen Aurkako Nazio Batuen Batzordea (CED), Behartutako Desagertzeen edo Nahi Gabeko Desagertzeen Aurkako Nazio Batuetako Lantaldea, eta Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoa (OHCHR).

Biltzarrean bildutakoek hartutako erabakien eskutik, zenbait lan ildo finkatu dira aurrera begira: Saharaz hegoaldeko Afrikako biktimak buru dituen eskualde osoko sare bat sortzea bultzatzea; desagertutakoak bilatzen ari diren emakumeen arteko aldizkako bilerak antolatzea; Behartutako Desagertzeen Aurkako Nazio Batuen Batzordearen saioen jarraipena egitea; Pertsona Guztiak Behartutako Desagertzetik Babesteko Nazioarteko Konbentzioaren berrespena sustatzea; gizarte zibilaren erakundeek Nazio Batuen mekanismoen aurrean eragiteko duten gaitasuna indartzea; eta behartutako desagertzeen aurkako gazteen nazioarteko sare bat sortzen laguntzea.

Suitzan egindako biltzarrak nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeak, unibertsitateak, estatuak eta behartutako desagertzeen biktimen senitartekoen elkarteak bildu zituen. Hegoa Institutuak giza eskubideen aldeko lanean bidelagun dituen zenbait elkarte eta norbanakok ere hartu zuten parte hitzorduan, adibidez Hondurasko COFADEH elkarteak eta Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharako bi ekintzailek.

Hegoa Institutuak salatu nahi du saharar ekintzaileek Marokoko erregimenak giza eskubideen inguruan duen diskurtso hipokrita salatzeko egindako protesten aurrean, Marokoko Estatua bere eragina erabiltzen saiatu zela sahararrak biltzarretik botatzeko. Esteka honetan, El Ghalia Djimiren esku-hartze baten zati bat ikus daiteke, sare sozialetan zabalduta.


Argazkiak:





-