Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Fidel Zavala giza eskubideen defendatzaile salvadortarraren atxiloketaren aurrean

Data: 2025(e)ko Martxoak 21

Joan den otsailaren 26an (asteartea), La Floresta (El Salvador) komunitateko lurren defendatzaile liderrekin batera zegoela, atxilotu egin zuten Fidel Zavala. Legez kanpoko elkarteetako kide izatea eta abokatu gisa legez kanpo aritzea leporatu zioten. La Prensa Gráficak jasotzen duenez, martxoaren 17an, Fidel Zavalaren kontrako beste epaiketa bat hasi zen; 2024an jada absolbitu egin zuten prozesu horretan.

Ivania Cruz abokatu eta Unidad para la Defensa de Derechos Humanos y Comunitarios (UNIDEHC) erakunde zibilaren ordezkariak Fidel Zavalaren kontrako prozesu judizialean izandako irregulartasunak publikoki salatu ditu astelehen honetan. Fidel erakunde horretako bozeramailea da.

El Salvadorko euskal ordezkaritzaren adierazpena

Gertakari larri horiek ikusita, NARE – Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programan parte hartu duten pertsonen eta kolektiboen egoeraren jarraipena egiteko urtarrilaren amaieran El Salvadorrera joan zen euskal ordezkaritzak adierazpen bat egin zuen martxoaren 7an.

Honako hauek eskatzen dizkie El Salvadorreko agintariei:

  • Fidel Zavalaren aldeko kautelazko neurrien eskaerari premiaz erantzutea.

  • Fidel Zavalak legezko berme juridiko guztiak izatea Zuzenbidearekin bat datorren prozesu judizial baterako.

  • Familiari haren egoera ezagutzeko aukera bermatzea, legeriak ezartzen duen moduan; hala badagokio, baita bisita egiteko aukera ere.

  • Haren osotasun fisikoa bereziki zaintzea. Izan ere, haren familia eta gizarte-ingurunea hiltzearen beldur dira, 2024an El Salvadorko espetxe-sistemaren kontra egindako salaketa publikoengatik atxiloketa errepresalia gisa erabil litekeela susmatuta.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaritzak, eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Eusko Legebiltzarrak eta giza eskubideen zein lankidetzaren arloko hainbat erakundek (Bakerako Lankidetza Batzarrea ACPP-BLB, Paz y Solidaridad Euskadi, Zehar-Errefuxiatuekin eta Euskadiko GGKEen Koordinakundea) osatzen dute ordezkaritza.


Esteka honetan irakur dezakezu adierazpen osoa.