
El Salvadorren elkartasuna kriminalizatzen duen Atzerriko Eragileen Legea arbuiatu du Eusko Legebiltzarrak
Ostegun honetan, maiatzaren 22an, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak EAJ, EH Bildu, PSE eta Sumar legebiltzarkide taldeek aurkeztutako Legez Besteko Proposamen bat eztabaidatu du, Beatriz Kasuaren epaia betetzeari eta El Salvadorko egoerari buruz. Ganberan zeuden legebiltzarkide guztiek onartu egin dute, bai eta alderdi guztiek ere, Vox izan ezik.
Proposamena El Salvadorko Biltzar Legegileak Atzerriko Eragileen Legea onartu duen aste berean iritsi da. Lege horrek elkartasuna eta nazioarteko lankidetza kriminalizatzen ditu, eta, Euskadiko GGKEen Koordinakundearen arabera, «itzulerarik gabeko puntua izan daiteke, gizarte erakundeen aurkako jazarpena instituzionalizatzeko eta El Salvadorko elkarte sare osoa eta kritika oro desagertzeko bidean aurrera egiteko». Lege berriak, besteak beste, GKEek jasotzen dituzten dohaintza guztien gaineko %30eko zerga ezarri du.
Legebiltzarreko eztabaidan, El Salvadorko giza eskubideen egoeraren jarraipena egiteko euskal ordezkaritza egon da. Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko GGKEen Koordinakundea, eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Eusko Legebiltzarrak, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak, Bakearen aldeko Lankidetza Batzarreak (ACPP-BLB) eta Paz y Solidaridad Euskadi erakundeak osatzen dute ordezkaritza.
Euskal ordezkaritzarekin eta hainbat euskal GGKEetako ordezkariekin batera, Ivania Berenice Cruz Cruz abokatu eta giza eskubideen defendatzailea ere izan da legebiltzarrean. Ivania UNIDEHC – El Salvadorko Giza eta Komunitate Eskubideen Defentsarako Batasuneko kidea da, eta gaur egun Euskadin erbesteratuta dago.
Osoko bilkuraren ostean, Ivaniarekin batera, Irene Molero Gurrutxaga Euskadiko GGKEen Koordinakundeko koordinatzaile nagusiak eta Leire Lasa Fernandez Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko kideak agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko prentsa aretoan.
Informazio gehiago:
-
Euskadiko GGKEen Koordinakundearen ADIERAZPENA: Elkartasunaren kriminalizazioa El Salvadorren
-
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuraren BIDEOA: Ohiko osoko bilkura (2025/05/22) – IREKIA
Lotutako albisteak




