Isiluneak ez dira ahanztura: frankismoaren eta Mendebaldeko Sahararen biktimak gogoratzeko jardunaldia
Azaroaren 19an, Bilbon egin zen “Ahanzturaren aurka. Frankismoaren eta Mendebaldeko Sahararen biktimak” jardunaldia. Ekimenaren helburua izan zen franquismo garaian saharar herriaren aurka egindako krimenak argitara ekartzea, eta Memoria Demokratikoaren 20/2022 Legearen esparruan biktima gisa duten aitortzan aurrera egitea.
Ebbaba Hameida kazetari eta idazlea, Flores de papel liburuaren egilea, aritu zen egunaren gidari. Agurra instituzionalen ondoren, Abdeslam Aomar Lahsenek, Saharako Preso eta Desagertuen Senideen Elkarteko (AFAPREDESA) presidenteak, Espainiaren eta Mendebaldeko Sahararen arteko harremana kolonialismoaren eta justizia trantsizionalaren ikuspegitik aztertu zuen. Horixe da, hain zuzen ere, jardunaldian aurkeztu zuen ikerketaren ardatza: Saharauis: las otras víctimas del franquismo y postfranquismo. Memoria, desmemoria y responsabilidades del Estado español (Abdeslam Aomar, Hegoa, 2025).
Abdeslam Aomarrek 1975eko urriaren 31tik 1976ko otsailaren 26ra bitartean sahararren aurka egindako giza eskubideen urraketen kasu esanguratsuenak mahaigaineratu zituen. Gerra krimenak jorratu zituen, besteak beste: napalm eta fosforo zuriz egindako bonbardaketak, edo ehunka sahararren desagertze behartuak. Azaldu zuen, halaber, gertaera horietako batzuk duela urte batzuk ikerketa-gai izan baziren ere, ez zela behar adinako borondaterik egon erantzuleei presio egiteko eta auziperatzeko.
Ondoren, Laura Casielles idazleak (Arena en los ojos, 2024) moderatutako mahainguruan, Carlos M. Beristainek psikologian doktorea eta giza eskubideen ikerlaria, eta Gemma Arbesú abokatu eta nazioarteko behatzaileak parte hartu zuten. Bi hizlariek garai hartako dokumentazioa eskuratzeko zailtasunak azpimarratu zituzten: erretako paperak, ezkutatutakoak, eta abar. “Ezinbestekoa da artxibo horiek eskuratzea eta ikerketa egitea”, adierazi zuen Beristainek, zailtasun horien guztien aurrean “memoria biktimen desobedientzia-keinuren batekin hasten dela” esanez.
Hurrengo mahai-inguruan, frankismoaren biktima sahararrek eta euskaldunek hartu zuten hitza. Haien sufrimendua eta dolua partekatu zituzten, baina baita urteetan zehar mantendu dituzten aldarrikapenak eta ahanzturaren aurkako konpromisoa ere. Mahaian eseri ziren Judeig Ahmed Lemadel (AFAPREDESA), Elmami Bahim Ahmed Salen (Basiriren Senide eta Lagunen Elkartea – AFAB), Josu Ibargutxi (Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataforma) eta Nerea Martínez (Martxoak 3 Elkartea, 1976ko Gasteizko sarraskia gogora ekartzen duena).
Lau partaideek bide judizialaren beharra aipatu zuten, baina Nerea Martínezek mobilizazio sozialaren garrantzia azpimarratu zuen: “Ezin gara justiziaren bidean bakarrik geratu, ez baitago gure esku eta sinetsarazten digu ez dagoela zer eginik. Beste bide batzuk aztertu behar dira”.
Azken mahai-inguruan frankismoaren saharar biktimen aurrean erakundeek eta alderdi politikoek duten erantzukizuna izan zen hizpide. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten hiru alderdik hartu zuten parte: EH Bilduk (Diana Urrea), EAJ-PNVk (Mikel Arruabarrena) eta Sumarren ordezkariak (Alba García). Elkarrizketan eta publikoak egindako galderen aurrean iritzi desberdinak azaldu baziren ere, hirurek bat egin zuten gaiaren inguruko eztabaida politikoa parlamentutik harago ere lantzearen garrantzian.
“Ahanzturaren aurka” izeneko jardunaldia Hegoa Institutuak (EHU) Euskal Fondoaren laguntzarekin urteotan garatu duen lan-ildoaren parte da. Ekimen honek, gainera, Euskadiko Saharar Ordezkaritzaren, Bilboko Udalaren eta Platformaren babesa jaso du, Europako Tokiko Elkartasunaren Egunen esparruan kokatu baita.
Eguneko unerik hunkigarriena Rastros memorial digitalaren aurkezpena izan zen, Lab-Elemental eta Forward Films-ek diseinatutako arte digital erakusketa. Lan honek basamortuaren errealitate mugikor, aldakor eta ertz zehatzik gabekoa hartu ditu inspirazio-iturri; ispilu, harea, argi eta soinuekin egindako jolas baten bidez, Paul Ricoeur filosofo eta antropologo frantsesaren gogoeta bat ekartzen du gogora: “Memoria hauskorra da, isilarazia izan daitekeelako. Badira ahanztura ez diren isiluneak: oroimenaren aurkako indarkeria baizik”.
Informazio gehiago:
- Jardunaldiaren deialdia.
- "Memoria y justicia para el pueblo saharaui en el Itsasmuseum". Markel de Bilbao, Gara, 2025/11/19.
- "Las víctimas saharauis del franquismo". La Marea, 2025/11/20.
- Abdeslam Aomar Lahsen: «Espainiak Sahara babesteko betebeharra zuen, eta indar inbaditzaile bati eman zion lurraldea». Igor Baigorri Perez, Berria, 2025/11/20.
- "Abdeslam Aomar Lahsen, presidente de Afapredesa y activista saharaui: «No pueden eliminar el derecho a la autodeterminación del Sáhara»". Markel de Bilbao, Gara, 2025/11/21.
Argazkiak (Miguel Ángel Herrera):









-
Lotutako albisteak
