Jorge Gutiérrez Goiriak eta Josu Santos Larrazabalek euskal enpresa eta kooperatibetako ekoberrikuntza aztertu dute

Data: 2026(e)ko Maiatzak 20

Zergak, dirulaguntzak eta kontratazio publikoa dira ekoberrikuntza bultzatzeko tresnarik eraginkorrenak; ekoberrikuntza ingurumen‑inpaktuak murrizten dituzten eta garapen jasangarria sustatzeko funtsezkoak diren berrikuntzen multzotzat hartzen da. Kontzeptu honek enpresen helburu ekonomikoak bultzatzen dituzten eta ingurumenari kalte gutxiago eragiten dioten praktika teknologikoak eta aurrerapenak barne hartzen ditu; hala nola, ur‑ eta energia‑kontsumoak murriztea, kutsadura gutxitzea eta birziklatzeko aukerak handitzea, besteak beste.

Gobernuek haien kabuz sustatu ezin omen dezaketen ekoberrikuntzak garatzeko, hala nola CO2 isurpenen murrizketa, zerbitzuen sektoreko kooperatibek eginkizun garrantzitsua izan dezakete. Aitzitik, kapital handia inbertitu behar den arloetan berrikuntza gutxiago aplikatzen dute.

Hori da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Josu Santos Larrazabal eta Jorge Gutiérrez Goiria ikertzaileen ondorio nagusietako bat, Eustat Euskal Estatistika Erakundearen 2022ko Berrikuntza Inkestako datuak aztertu ondoren. Inkesta hori zerbitzu‑sektoreko 2.468 establezimenduk bete zuten, horietatik 154 kooperatiba izanda. “Guzti horietatik, 895ek baieztatu dute ekoberrikuntzaren bat lortu dutela, eta horietatik 83 kooperatibak dira”, azaldu du Gutiérrezek.

Duela gutxi Campusa aldizkarian argitaratutako artikulu batean, ikertzaileek hurrengoa baieztatu dute: “kooperatibek joera handiagoa dute ekoberrikuntza aplikatzeko, bereziki CO2a murrizteari eta azken erabiltzaileari birziklatzeko aukera emateari dagokionez”. Hala ere, “kapital handia inbertitu behar den arloetan berrikuntza gutxiago aplikatzen dute, hala nola biodibertsitatearen kontserbazioarekin eta produktuen bizi‑iraupena luzatzearekin lotutako ekoberrikuntzetan”, gehitu dute.

Ikertzaileek diotenez, kooperatiben barne‑motibazioak (adibidez, borondatezko konpromisoak eta kostuen aurrezpena) ez daude ekoberrikuntzarekin lotuta: “Ikusi dugu borondatez hartzen diren neurriak ez direla garrantzitsuak. Espero genuen kooperatibek, beren izaeragatik, ekoberrikuntzak aplikatzeko borondate argiagoa izatea, baina bultzatzaileak ez dira hainbeste barnekoak, baizik eta kanpokoak: oro har, aurrerapen teknologikoak, merkatuak eta gobernuak”, azaldu du Santosek.

Ikerketa honen bidez, Josu Santos Larrazabalek eta Josu Gutiérrez Goiriak informazio erabilgarria eman nahi diete legegileei, enpresetako ekoberrikuntza‑politikak hobetzeko, kasu bakoitzean pizgarri‑politika egokienak erabiliz.


Informazio gehigarria

Jorge Gutiérrez Goiria EHUko Ekonomia Aplikatua Saileko irakaslea da eta Hegoa Institutuko kidea. Gizarte eta Ekonomia Solidarioaren Masterrean (GEZKI, EHU) eta Garapena eta Nazioarteko Lankidetza Masterrean (Hegoa, EHU) ematen ditu eskolak.

Josu Santos Larrazabal, bestalde, Finantza Ekonomia II Saileko irakaslea da, eta Enpresa Zuzendaritza Berrikuntzaren eta Nazioartekotzearen Ikuspegitik Masterrean ematen ditu eskolak.

Artikulu osoa esteka honen bidez irakur dezakezu.

Argazkia: Josu Santos Larrazabal eta Jorge Gutiérrez Goiria. | Argazkilaria: Fernando Gómez, EHU.