Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Tailerrak eta elkarrizketak Tindufeko kanpamentuetan, Saharar Emakumeen Batasun Nazionalari laguntzeko euskal sarearen lanaren sistematizazioan aurrera egiteko

Data: 2025(e)ko Abenduak 17

Saharar Emakumeen Batasun Nazionalaren emakumezko kargudunek eta arduradunek parte hartu zuten Tindufeko (Aljeria) kanpamentuetan abendu hasieran egin ziren jardueretan. Jarduera horiek (saio kolektiboak eta pertsona giltzarriei egindako elkarrizketak) jarraipena eman diote Saharar Emakumeen Batasun Nazionalari laguntzeko euskal sareak 20 urtez egindako lana sistematizatzeko prozesuari.

Bilbon, ekainean eta irailean EAEko entitateekin egindako tailerren ondoren, abenduko lehen astean sahararren kanpamentuetan egindako lanaren ardatza izan zen, besteak beste, Saharar Emakumeen Batasun Nazionalak euskal sarearen ibilbideari buruz duen iritzia biltzea, bi hamarkada hauetako ekarpen nagusiak balioestea eta parte-hartzaileen itxaropenak ezagutzea eta lehentasunak identifikatzea, elkarlan-ildo estrategikoak diseinatzeko.

Tailer horietan, Saharar Emakumeen Batasun Nazionalaren batzorde exekutiboko kideek, Wilayetako emakume-etxeen arduradunek eta Smarako etxea erabiltzen duten emakumeetako batzuek parte hartu zuten. Smarako hori da kanpamentuetan sortutako lehen emakume-etxea —duela bi hamarkada—, eta euskal sarearen laguntza izan du beti. Halaber, Saharar Emakumeen Batasun Nazionaleko idazkari nagusiari eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Gizarte-gaietako eta Emakumeen Sustapenerako ministroari elkarrizketak egin zitzaizkien.

Hegoako zuzendari Irantzu Mendia Azkuek eta talde teknikoko Gloria Guzmán Orellanak eta Tatiana Montenegrok koordinatu zuten sistematizatzeko lan metodologikoa. Gainera, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Arabako Adiskideen Elkarteko Jeanette Lópezen laguntza preziatua jaso da. Entitate horrek euskal sarearen lana dinamizatzen du.


 Informazio gehiago:

  • Saharar Emakumeen Batasun Nazionalari laguntzeko euskal sareko kide dira Basauriko eta Ondarroako berdintasun-teknikariak, Bilboko eta Berrizko udaletxeetako lankidetza-sailak, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Arabako Adiskideen Elkartea eta beste zenbait entitate eta erakunde.

  • Saharar Emakumeen Batasun Nazionalari buruz.


Argazkiak:






-