Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) 50. urteurrena: 50 urte saharar estatua

Data: 2026(e)ko Otsailak 26

Otsailaren 27an mende erdia beteko da Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zenetik. 50 euskal erakunde baino gehiagok manifestu bat sinatu dute Gasteizen, urteurrena ospatzeko: alderdi politikoak, sindikatuak, GKEak eta elkartasun kolektiboak… tartean Euskadiko GGKEen Koordinakundea.

Erakunde sinatzaileek saharar herriaren autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aldarrikatu, nazioarteko elkartasuna indartzeko deia egin eta Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesua babestu dute.

Dokumentua prentsaurreko batean aurkeztu zen. Bertan izan zen Mojtar Labuehi Emboiric, Euskal Herrirako ordezkari sahararra, baita manifestua bultzatu duten elkarteetako eta hura sinatu duten hainbat erakundetako ordezkariak ere.

Hegoa ere manifestuari atxiki zaio. Sinatzaileok, euskal gizarteak Saharar Herriarekin historikoki izan duen elkartasuna oinarri hartuta, honako hau aitorttzen eta berresten dugu:

  • Saharar Herriaren determinazio librerako eskubidea, eskubide besterenezina, iraunkorra eta baldintzarik gabekoa dena.

Eskubide hori, historikoki, hainbat modutan erreklamatu izan da, eta horren adierazpen nagusia Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatzea izan da, 80 herrialde baino gehiagok onartutako estatua eta Afrikako Batasuneko eskubide osoko kidea.

  • Saharar herriaren eta bere ordezkari legitimoa den Fronte Polisarioaren erresistentziarako eta borrokarako eskubidea, independentzia, lurralde-osotasuna, batasun nazionala eta menpekotasun kolonial eta atzerritarretik askapena lortzeko.

  • Saharar herriaren subiranotasun iraunkorra bere baliabide guztien gainean, autodeterminaziorako eskubidearen osagai den aldetik.

  • Saharako Errepublikaren aurrerapenak eta lorpenak, herritarren ongizateari, segurtasunari eta parte-hartze demokratikoari dagokienez; egoera oso gogorrean garatu arren, estandar altuak lortu baititu hezkuntzan eta osasunean, besteak beste.

  • Gure esker ona, afektua eta hurbiltasuna Saharar Herriarekiko, baita bere Estatu independentean askatasunean, bakean, justizian eta duintasunean bizitzeko duen eskubidearekiko ere.

Era berean, salatzen dugu Espainiako gobernuen jarrera amore-emailea, estatu okupatzailearekin zuzenean lerrokatzen baitira; eta okupazioaren ekonomia finantzatzen eta hortik etekina ateratzen duten enpresa eta erakundeen konplizitatea.

Manifestu honen bidez, erakunde sinatzaileok gure elkartasuna adierazten diegu:

  • Saharako preso politikoei, Marokoko kartzeletan dituzten bizi baldintzengatik gure kezka sakona adieraziz.

  • Saharako emakumeei, kanpalekuetako eta lurralde okupatuetako aktibista gisa, zapalkuntza eta okupazio militar marokoarraren aurrean bizitza eta borroka sostengatzen baitute.

  • Saharako gazteei, kanpamenduetan zein okupaziopean bizi baldintza bereziki zailei aurre egiten baitiete, eta tinko eusten baitiote beren lurra, etorkizuna eta destinoa berreskuratzeko konpromisoari.

Giza eskubideen defendatzaile guztiei, Marokoren okupazio eta errepresioaren pean atsedenik gabe borrokatzen baitira giza eskubideak benetan baliatzeko, baita determinazio askerako eskubidea ere.


Informazio gehiago: