Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
buruzko Ikasketa Institutua

Sheida Besozzi: "Iran, erresistentzian dagoen herria"

Data: 2026(e)ko Otsailak 27

Injustizia sozial eta ekonomikoa Iranen 2025eko amaieratik bizi diren matxinaden oinarrian dago. Errebolta horiek Teheranen hasi ziren, eta berehala hedatu ziren beste hiri eta herri batzuetan. Dagoeneko 7.007 pertsona inguru hil dira, Human Rights Activists News Agency gobernuz kanpoko erakundearen arabera.

Urtarrilaren amaieran Campusa aldizkarian argitaratutako artikulu batean, Sheida Besozzik, Ekonomia Aplikatuaren Departamentuko (EHU) irakasle laguntzaile doktore eta Hegoa Institutuko ikertzaileak, matxinada horiek Irango herriaren erresistentzia zibil ez-bortitzaren eta eguneroko erresistentziaren historia luzearekin lotzen ditu.

Nahiz eta "elkarte sarea ahulduta egon autoritarismoz betetako urteen ondoren", Sheida Besozzik uste du "Irango gizarte zibila adibide bizia" dela "eguneroko erresistentziak indarkeriarik gabeko ekintza indartzen duelako". Hori agerian geratu zen 2022-2023ko "Zan, Zendegi, Azadi" (Emakumea, bizitza, askatasuna fartsian) matxinadetan, Mahsa Jina Amini gazte kurdu irandarraren heriotzak eragindakoak, Guardia Iraultzaileek atxilotuta jarraitzen zuten bitartean. Egileak azaldu duenez, matxinada horiek "mugarri bat izan ziren Irango biztanleentzat eta mugimendu feminista osoarentzat".

Aspaldi honetan Iran egunkarietako azalen jabe da, agian gutxiago Irango herriak bizi duen egoeragatik, errepresioaren larriagotzea ekar lezakeen inplikazio geopolitikoengatik baino.

Zentzu horretan, Sheida Besozzik urtarrilaren 23an Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak (A/HRC/S-39/L.1) onartutako ebazpena nabarmendu du bere artikuluan, "Irango Errepublika Islamiarreko giza eskubideen egoerari buruzkoa, bereziki 2025eko abenduaren 28tik aurrera protesta nazionalen errepresioaren testuinguruan".

Estatu Batuen zereginari dagokionez, ikertzaileak ohartarazi du "injustizia sozial eta ekonomikoaren testuinguru honetan, ezarritako zigorrek berez kritikoa den hasierako egoera hori okertu besterik ez dute egiten". Jakina denez, Trumpek indartu egin du AEBren presentzia militarra eskualdean, eta Irani erasotzeko mehatxua egin du.

Sheida Besozzik "Conceptualising identity, nostalgia and resistance: activism by the Iranian diaspora in Spain (1979-2024)" doktore-tesia aurkeztu zuen 2025eko maiatzean, eta artikulu hau itxi zuen Campusan, nazioz gaindiko elkartasunaren garrantzia azpimarratuz: "Irango GKEek diasporan, gizarte-mugimenduetan eta Irango gizarte zibiletik autoritarismoarekiko kritikoak diren ahotsetan elkarrekin egindako lana funtsezkoak dira".


Esteka honetan irakur dezakezu artikulu osoa. 

Sheida Besozzi. Argazkia: Miguel Espiga. EHU.