Saharar Emakumeen Batasun Nazionalari laguntzeko euskal sarearen hirugarren sistematizazio-topaketa

Data: 2026(e)ko Apirilak 24

Saharar Emakumeen Batasun Nazionalari (SEBN) laguntzeko euskal sareak bere sistematizazio-prozesuko hirugarren tailerra egin du, eta, hala, iaz hasitako lanaren jarraitutasuna indartu du. Saioa apirilaren 16an egin zen, parte-hartze bidezko prozesu baten barnean. Prozesu horren xedea da hobekuntza-gomendioak ematea sarearen eta SEBNren arteko 20 urtetik gorako lankidetza- eta elkartasun-lanerako, ihes-, erbeste- eta okupazio-egoeran dagoen herri bateko emakumeen borrokan eta eskubideetan.

Hirugarren tailerra Hegoak dinamizatu du; aurretiaz egindako lana kontuan hartu, eta inpaktu positiboak eta negatiboak identifikatu dira, sareak SEBNri gomendio zehatz batzuk egiteko. Hasi-hasieratik, tailerren helburua da lan horrek hala euskal gizartean nola saharar emakumeengan duen ibilbidearen eta eraginaren sistematizazio-prozesu bat garatzea, elkartasun feminista eta internazionalistako ikuspegian oinarrituta. Horretarako, sareak hainbat entitatetako 15 ordezkari baino gehiago biltzen ditu, esaterako, Arabako SAEDen Lagunen Elkartea, zenbait udalerri, Euskal Fondoa eta Emakunde.

SEBNk sistematizazio-lan horretan parte hartu zuen iazko abenduan, orduko hartan Tindufeko (Aljeria) iheslari-esparruetan. Jarduera kolektibo haiek eta egindako elkarrizketak giltzarriak izan ziren sarearen sistematizazio-prozesuan, SEBNren ikuspegitik. Parte-hartzaileek ekarpen nabarmenenenak balioetsi zituzten, bakoitzaren itxaropenak azaldu zizkioten elkarri eta lankidetza-ildo estrategikoak diseinatzeko lehentasunak identifikatu zituzten.

Fase horretan, SEBNren batzorde exekutiboko kideek, valierrietako emakume-etxeen arduradunek eta Smarako etxea erabiltzen duten emakumeetako batzuek parte hartu zuten —lehendabizikoa duela bi hamarkada sortu zen, sarearen laguntzarekin—. Gainera, elkarrizketak egin zitzaizkien SEBNren idazkari nagusiari eta SEADeko Gizarte-gaietako eta Emakumeen Sustapenerako ministroari, eta horiek bide eman zuten lehentasunak eta itxaropenak identifikatzeko etorkizunera begira.

SEBNk eta sareak ongien balioesten duten alderdietako bat da emakumeen etxeei bultzada ematea Tindufeko iheslari-esparruetan. Chaba Seinik aitortzen duen bezala, emakumeak ahalduntzeko topaguneak dira etxe horiek. Duela gutxi SEBNren idazkari nagusi hautatu dute Seini lau urteko bigarren agintaldirako, eta sistematizazio-prozesuarekin jarraitzeko aukera irizten zaio horri. Beraz, hirugarren tailer horren bidez, euskal sareak jarraipena eman die iaz hasitako lan-ildoei, eta elkartasun feminista eta internazionalistarekiko konpromisoa indartu du.


Informazio gehiago