Data: 2020(e)ko Azaroak 30

2019an, euskal erakunde publikoek 68,5 milioi euro jarri zituzten garapenerako lankidetzarako

2019an, garapenerako lankidetzaren euskal erakunde publikoek 863 ekimen bultzatu zituzten 60 herrialdetan, horretarako 68,5 milioi euro jarriz. Ekimen horietatik 554 2019an hasi ziren. Kopuru horiei buruzko xehetasunak Euskal Lankidetza Publikoaren Atarian daude eskuragarri, non Eusko Jaurlaritzaren, hiru foru-aldundien, hiru euskal hiriburuetako udalen eta Euskal Fondoaren informazioa biltzen den.

Hegoa Institutuaren garapenerako politiken koherentziari eta nazioarteko lankidetzari buruzko ikerketa-taldeak tresna hori abian jartzea sustatu zuen, eta urtero eguneratzen dela gainbegiratzen du.

2019ko gasto globala aurreko urtekoa baino milloi bat euro gutxiagokoa izan zen.

Publikoaren Atariak aukera ematen digu euskal erakunde publiko horietatik lagundutako elkartasun-ekimenei buruzko ikuspegi orokor bat edukitzeko, eta kontuan hartzekoa da erakunde horiek direla Euskadin garapenerako lankidetzarako funts publiko gehien bideratzen dituztenak. Atariak 2014tik 2019ra bitarteko datuak biltzen ditu. Aldi horretan, aipatutako erakundeek 371 milioi euro baino gehiago jarri dituzte elkartasun-ekimenetarako.

Atariak aukera ematen digu 2019an egikaritutako funtsen banaketa geografikoa aztertzeko: % 24 Hego Amerikara joan ziren; % 24 Amerikako Erdialdera, Mexikora eta Karibera; % 20,5 Afrikara; % 20,5 Europara; % 8 Asiara, eta % 3 herrialde askotariko ekimenetara edo nazioartean egindakoetara.

Banaketa
Garapenerako lankidetzako eta ekintza humanitarioko ekimenei dagokienez, funts gehien jaso zituzten herrialdeak dira: Guatemala (% 8,2), Peru (% 7), Kolonbia (% 6,4), El Salvador (% 5,6), Bolivia (% 5,3), Ekuador (% 4,2), Senegal (% 4,2), Palestina (% 2,9), Kuba (% 2,8), Kongoko Errepublika Demokratikoa (% 2,8) eta Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa (% 2,4).

Europara zuzendutako funtsen portzentajeari dagokionez (% 20,5), gehiengoa gizartea eraldatzeko hezkuntzaren aldeko proiektuetan eta Europako mugetako krisi humanitarioak eragindako errefuxiatu eta migratzaileei arreta emateko erabili da.

Berri gehiago